Auzoetan ere, indarkeria matxistarik gabeko festen aldeko aldarria
Errenteriako Udalak, auzo elkarteekin elkarlanean, 'Auzo erosoa' kanpaina aurkeztu du. Udalak indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibilizazio kanpaina bat abiatu zuen 2022an, eta auzoetako festen errealitatera egokitu du orain.

Emakumeek eta LGTBI+ pertsonek bizitzako eremu guztietan eta bereziki festa eta aisialdi testuinguruan pairatzen dituzten diskriminazio egoerez eta erasoez jakitun, Errenteriako Udalak neurriak hartu ditu indarkeria matxistarik gabeko festen alde. Testuinguru horretan, udalak indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibilizazio kanpaina bat abiatu zuen 2022an.
Orain, udal erakundeak urrats bat gehiago egin du, eta 2022an sortutako kanpaina hori auzoetako festen errealitatera egokitu du. Auzoetako festen aroa, gainera, hastear da Errenteria-Oreretan. Ostiralean, San Marko Egunean, Iztieta-Ondartxoko eta Pontikako festek eztanda egingo dute, eta auzo horiek festa giroan murgilduko dira. Indarkeria matxistarik gabeko festen aldeko kanpainaren gako nagusiak gaur aurkeztu dituzte Herriko Plazan Itsaso Cruz Berdintasun zinegotziak, udalbatzako alderdietako bozeramaileek eta auzoetako jai batzordeetako ordezkariek.
Cruzek adierazi du auzoetara eramango duten kanpaina madalenetakoarekin lotuta dagoela. Iruditegia eta mezu nagusia mantendu dituzte, madalenetako kanpaina ezaguna baita herrian, harrera izan baitu azken urteetan. Madalenetako kanpaina auzoetara egokitzeko, iaz sentsibilizazio saioak egin zituen udalak auzo elkarteekin. Bilkura horien emaitza Auzo erosoa leloa duen kanpaina izan da. Auzo bakoitzaren errealitatea eta beharrak ezberdinak direla nabarmendu du Cruzek, baina baliagarria izan nahi du tokian tokiko errealitatearen arabera baliatzeko.
Kanpainak honako baliabideak izango ditu:
- Kartel orokorra: Euskaraz eta elebitan sortu da, eta auzoetan jarriko da. Kartelak QR kode bat du, irakurlea eskuorrira bideratzeko.
- Eskuorria: Bertan informazio orokorra aurkeztuko da. Besteak beste, errekurtsoak eta baliabideak ematen ditu, zerbait gertatuko balitz nola jokatu jakiteko.
- Protokoloa: Festetan lanean daudenei begirakoa da protokoloa, eta erasoak prebenitzeko gomendioak bildu dituzte. Udalak garrantzitsutzat jo du festetan lanean egongo diren pertsonek protokoloaren berri izatea.
- Txapak: Nirekin eroso txapak festetan lanean egongo diren erreferentziazko pertsonek eramango dituzte. Edozer gertatuz gero, jendea haiengana gertura daiteke.
- Logoa: Kanpainarekin bat egiten duten auzoei, Kultura Kreaktiboaren eta Errenteriako Udalaren logoekin batera, festetako karteletan kanpainarena txertatzea proposatu die udalak.
Kanpainak bi helburu estrategiko dituela jakinarazi du Cruzek. Alde batetik, Errenteriako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Planean indarkeria matxistarik gabeko herria lortzeko ardatzean zehaztu zen festen testuinguruan sentsibilizazioa lantzea erasoak gertatu daitezen prebenitzeko. Eta, bestetik, 2023-2027 Agintaldi Planean definitu zen erasorik gabeko festen lanketa integralean sakontzen jarraitzeko proiektuari erantzutea.
Gaur aurkeztu den kanpainak auzoetako festetan erasorik gabeko festen alde abian jartzen den lehen urratsa izan nahi duela baietsi du Cruzek. Auzoetako jai batzordeek Lekuona Fabrikan har dezakete kanpainara atxikitzeko beharrezko materiala.