PSE-EEk nabarmendu du Arrandegi kaleko lokalak udal erabilerakoa izan behar duela

Trintxerpeko haur eskola zegoen lokal horretan, eta PSE-EEk euren proposamena azaldu du prentsa ohar batean.

Pasaiako PSE-EEk prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, Trintxerpeko Arrandegi kaleko haur eskola zegoen lokalak udal erabilera izan behar luke. “Udalak beti du jarduera komunitarioak garatzeko espazioen beharra Pasaian”, nabarmendu dute.

Era berean, salatu dute EH Bildu eta Podemosek babestutako erabakiaren ondorioz haur eskola zegoen lokala erabilerarik gabe geratuko dela.

Lokalaren espazioa, kokapena eta udal departamentu ezberdinek dituzten beharrak kontuan hartuta, sozialistek adierazi dute espazio hori udal zerbitzuren bat garatzeko edota handitzeko beharrezkoa izan daitekeen aztertzea ondo ikusten dutela. “Haurrentzako hezkuntza jarduerari lotutako ekipamendua izanik, udal ludoteka zerbitzua edo Musika Eskolak haurrei eskaintzen dizkien zerbitzuak zabaltzeko erabil daiteke”, jarraitu dute.

Era berean, nabarmendu dute irisgarritasun ona duen espazioa dela, eta Heldufit, hirugarren adinekoentzako jarduerak egiteko edota bilerak zein jarduerak egiteko lokal komunitarioa izan daitekeela. Ildo horretatik, PSE-EEk datorren osoko bilkuran eztabaidatzea espero duen proposamen bat aurkeztu du.

Proposamen horren helburua da lokala “pasaitarren gozamenerako eta udal erabilerarako erabiltzen jarraitzea”. Gauzak horrela, sozialistek eskatu dute udal departamentuei eskaintzeko eta, behar izanez gero, udal zerbitzu edota programa bat garatzeko espazioa “behar den horretara egokitzeko”.  

Ostera, azaldu dute apirileko kultura batzorde informatiboan Pasaia Lezo Lizeoarekin hitzarmena luzatzea erabaki dutela ñabardura batekin: Arrandegi kaleko lokalean Pasaia Lezo Lizeoak eman dezan haurtzaindegi zerbitzua. “Horretarako baimena eskatu diote dagoeneko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari”, gehitu dute.
 
Eta horrela amaitzen da PSE-EEren oharra. “Badakigu EH Bilduk eta Podemosek osatutako udal gobernuak gehiengoa duela batzordean aurkeztu zuten proposamen onartzeko, baina ezin diogu utzi udal haurtzaindegia desagerrarazi ondoren lokal honek udal zerbitzuak hartzen jarrai dezan saiatzeari eta proposatzeari”.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.