'Amazonia gara' ipuin kontaketa Pasaiara iritsiko da
Marimotots, Porrotx eta Libe Amazoniara egindako bidaiaren inguruan arituko dira. Astelehenean Antxoko liburutegian izango da saioa, eta asteartean, San Pedroko liburutegian.

Amazonia gara ipuin kontaketa Pasaian lurreratuko da datorren astean. Saio horretan, Marimotots eta Porrotx pailazoek Amazoniara egindako bidaiaren inguruan arituko dira, Libe lagunarekin. Protagonistek bidean ezagututako zuhaitz, lagun eta ohiturak ekarriko dituzte Pasaiara, eta bizitako hainbat abentura kontatuko dituzte. Zuhaitzetara igo eta munduari beste leku batetik begiratu nahi diotenei begirako ipuin kontakizuna dela adierazi dute antolatzaileek.
Amazonia Gara-k bi saio izango ditu Pasaian. Lehena, astelehenean (hilak 28) izango da, Antxoko liburutegian. Bigarrena, aldiz, asteartean (hilak 29) izango da, San Pedroko liburutegian. Bi saioak 17:30etik 18:30era bitartean izango dira. Ipuin kontaketak 4 eta 9 urte arteko umeei begirakoak direla adierazi dute sustatzaileek. Hori dela eta, umeek izango dute lehentasuna, eta helduei haurren sarrera lehenestea eskatu diete. Saioetan Katxiporretako Porrotx eta Marimotots pailazoek eta Alboan Fundazioko Libek hartuko dute parte.
Antxoko emanaldiko sarrerak agortuta daude. San Pedroko ikuskizunerako, aldiz, sarrerak eskuratu daitezke oraindik, Bibe ataritik. Sarrerak doakoak dira.