Sorotxoko zuloak, frankismoaren errepresioaren krudelkeriaren gune ukigarriak
Frankismoaren esklaboek erabili zituzten zuloak lotarako. Maiatzaren 18an gunea ezagutzeko eta errepresaliatuei aitortza egiteko ekitaldia egingo du Etxetxok.

Milaka izan ziren frankismoko lehen urteetan Lezon izan ziren behartutako langileak, bortxaz herri lanak egin zituzten esklaboak, trabajadoreak. Haien delitua, faxisten alde ez egotea. Inolako epaiketarik egin gabe kondenatu zituzten euren etxetik urrun era gordin eta latzean lan egitera. Etxetxok egindako ikerketen arabera, 5.000tik gora izan ziren. Horietatik askok, haientzat prestatutako barrakoietako bizi baldintza krudelei aurre egiteko, baso zabalean egiten zuten lo, zuloak egiten zituzten atseden hartzeko. Lezoko Sorotxo eremuan zeregin horretarako erabili ziren 85 zulo baino gehiago atzeman ditu Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Taldeak. Horien berri emateko, eta aldi berean bortxaz herrian lanean izan zirenei aitortza egiteko, ekitaldia egingo dute Sorotxoko eremu horretan maiatzaren 18an. Gainera, Etxetxok orain arte ziurtatu dituen hildako 17 frankismoaren esklaboen omenez, haien izen-abizenekin plaka jarriko dute eremu horretan.
“Duela urtebete pasatxo, Sorotxo ingurua garbitzen hasi eta sastrakak ezkutatuta zeuden 80 zulo baino gehiago aurkitu genituen. Gizon haiek jasan beharreko egun luze bezain lan gogorreko eta nekagarrien ondoren atseden hartzeko eta lotarako erabilitako zuloak hain zuzen”, azaldu dute Etxetxoko kideek: “Frankismoak preso haien aurka erabilitako gordintasunaren beste adibide bat besterik ez da leku hau”.
“Etxetxotik garrantzi handia ematen diogu preso hauek jasaten zuten gordintasuna ezagutzeari, behartutako lanaz gain, atseden hartzeko zituzten ordu gutxietan ere edozein gizakirentzat duintasunik gabeko bizi-baldintzak pairatzen zituztelako. Eremu hau berez hezea izanik, bertan atseden hartu behar izaten zuten eta izarpean lo egin, euriari eta hotzari aurre eginez”, zehaztu dute. “Gure betebeharra, leku honi ahal dugun zabalkunde handiena ematea da frankismoak preso haiekiko erabilitako krudelkeria jakin eta ezagutu dadin”. Pertsona haiekiko egia, justizia eta errekonozimendua eskatu dituzte elkartekideek, eta bide horretan lanean jarraituko dutela berretsi.
Maiatzaren 18ko ekitaldira joateko
Maiatzaren 18ko ekitaldira oinez joateko eskatu diete herritarrei Etxetxokoek. 12:00etan hasiko da. Mendian oinez igotzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat, ordea, baimendutako ibilgailu-zerbitzu bat jarriko da hara iristeko, baita herrigunera itzultzeko ere. Horretarako beharrezkoa da aldez aurretik Etxetxoko arduradunei izena eta parte hartzaileen kopurua ematea, telefono honetara deituz: 666 36 27 40 (Juli)
Bidearen estuguneagatik eta bertan aparkatzeko ezintasunagatik, baimendutako ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira bertara.