Agustina Otaola pilotalekua doan erabiltzeko aukera ezarri du udalak
Ordutegi zehatza du zerbitzuak, eta ordubetez erabili ahal izango da eremua. Argiztatzeko sistema aktibatzeko ordaindu egin behar da.
Raketista Profesionala udal pilotalekua. Errenteriako Udalak jakinarazi du astelehenetik –hilak 28– aurrera herritarrek Fanderiako Agustina Otaola udal pilotalekua dohainik erabiltzeko aukera izango dutela. Hala ere, zerbitzu berri hori ordutegi zehatz batean aplikatuko da: astelehenetik ostiralera 8:30etik 15:30era, eta igandeetan 9:30etik 13:30era. Hala ere, udan, tarte hori Fanderiako igerilekuko harrera ordutegira egokituko dela azpimarratu dute.
Pista ordubetez erabili ahal izango da, eta soilik pilotan jokatu ahal izango da. Haatik, aldagelak ez dira erabilgarri egongo. Gainera, nabarmendu dute ezin dela espazioaren erreserbarik egin ez aurrez aurre ezta telefonoz ere.
Kontuan hartu beharreko neurriak
Dohako zerbitzuak, bestalde, baditu bere mugak; izan ere, espazio hori doan izango da ez bada frontoiko argirik erabiltzen; bertako argiztatzeko sistema aktibatu nahi izanez gero bost euro ordaindu beharko da giltza jasotzeko unean.
Giltza, bestalde, instalazioan bertan jasoko da gehienez ere ekintza hasi baino ordu erdi lehenago. Fanderiako igerilekuen harreran jasoko dira galtzak, NAN-a erakutsita.
Era berean, udalak zehaztu du pilotalekua erabiltzen ari den bitartean instalazioan hautsi edo kaltetu litekeen gauza ororen ardura giltza hartzen duen pertsonak izango duela; baita garbitasun falta, animaliak sartzea, giltzaren erabilera okerra eta hirugarren batzuei sartzen uztea ere.
Behin jarduera amaituta, giltza jaso duen pertsonak ziurtatu behar du instalazioa behar bezala ixten duela eta barruan ez dela inor geratzen.
Beraungo Estadioa
Aipatutakoaz gain, Errenteriako Udalak gogorarazi du Beraungo Estadioa irekita dagoela astelehenetik ostiralera 9:30etatik 16:30era nahi duten pertsonek doan erabiltzeko eta jarduera fisikoa egiteko.
Gainera, futbol zelaia eta atletismo pistak erabili ahal izango direla ere zehaztu dute, baina ezingo da aldageletara sartu ezta argi sistema erabili ere.
Sarbidea kantina aldetik egin beharko da, eta zehaztu dute derrigorrezkoa izango dela instalazioa erabiltzeko arauak betetzea.
