Txotx betean ari dira, barrutik eta kanpotik bustita
Sagardo Egunaren hogeita hamazazpigarren aldia ospatzen ari dira Errenteria-Oreretan. Euriak ez du zapuztu festa handia.

Festa betean dira sagardozaleak. Euria barra-barra ari badu ere, ez du zapuztu horrek apirilero azken larunbatarekin hutsik egin gabe errepikatzen den festa eguna: Oreretako Sagardo Eguna. Eguraldiak baldintzatuta hasi dute Sagardo Eguna, Zumarditik Agirre Lehendakariaren plazan jarritako karpara lekualdatuta, baina giro motelak ez du ezabatu udalerrian zein inguruetako herrietan, zalantzarik gabe, erreferentziazkoa bilakatu den festa.
Dultzainero eta trikitilariak girotu dituzte kaleak lehen orduetan hasita, baita idi pareak ere. 12:00etan puntu puntuan egin dute azokaren irekiera ofiziala; 18:00etan errepikatuko dute irekiera ofizial hori berriro, Sagardo Egunari segida emateko arratsaldez. Antolakuntzaren izenean mintzatu da Nerea Izagirre. Aurtengoa, hogeita hamazazpigarrena duela sagardo festak jarri du nabarmen, “aisa esan daiteke igaro direla 37 urte gure herrian, Oreretan, sagardoaren festa antolatzen hasi ginenetik. 37 urte eta milaka litro sagar zuku”.
Horren ondotik urte luze hauetako hainbat datu eman ditu. Hala, esan du hamaika boluntariok parte hartu dutela eta jarraitzen dutela buru belarri eguna prestatzeko, edota 186.480 kortxo zabaldu dituztela, 97.745 edalontzi saldu, 167.517 pintxo dastatu bertaratutakoek, edota 9.532 zapi erosi. Erdi-erdian, apirileko azken larunbateko protagonista handia: “Euskal Herriko, bertako, sagardoa”.
Gaurkoa, guztien gozamenerako eguna izatea nahi dute antolatzaileek. Horretarako goiz osoan zehar dultzaineroak, trikitilariak, txistulariak, dantzariak eta 12 sagardo postu izan dituzte gozagarri bertaratutakoek. Sagardoa dastatzeko, ezinbestekoa da edalontzia hartzea eta horren gogorapena ere egin du Izagirrek, baita zapia lepoan jantzita azaltzeko ere.
Edalontzia erosterakoan, pintxo bat dastatzeko txartela eta Donostia Sagardotegian bazkarirako zozketarako txartela ere eskuratuko dute. Zozketa hori, arratsaldean egingo dute antolatzaileek.
Lehen txotxa egin aurretik mezu argia helarazi dute antolatzaileek: “Ez dugu inongo jazarpen sexistarik onartuko, ez gaur, ez hemen, ez inoiz ez inon”.
Ereintza Dantza Taldeko dantzariek eman diote hasiera jai handiari Sagar Dantzarekin, eta irrintzia ere ez da falta izan.
Arratsaldean, gehiago.



































































