Lezoko Beleen lehen titulua iritsi da
Euskadiko Rankinaren hirugarren fasea irabazi du Eneko Castillok. Julia Curto, berriz, hirugarrena izan da.

Eskrimako Euskadiko Rankinaren hirugarren faseko jardunaldia jokatu zen larunbatean Donostiako Pio Baroja kiroldegian. Lezoko Beleak taldeko kideek emaitza bikainak lortu zituzten: Eneko Castillo 16 urteko kirolariak taldeari bere lau urteko historiako lehen titulua eman zion Senior Mailan, irabazle izan baitzen. Aldi berean, Julia Curto hirugarren izan zen lehia horretan. “Emaitza historikoa” izan da talde lezoarrarentzat.
Larunbata ez zuen oso 0ndo hasi, ordea, Castillok. Atariko fasean bi porrot izan zituen, arazo fisiko batzuk tarteko. Indarberritu, eta kanporaketen fasean ezustekoa eman zuen tiralariak: finalean 15-10 gainditu zuen Fortuna KEko Jaime Aizpurua.
Curtok, berriz, finalerdietarainoko bidea egin zuen. Bertan Illari Piqueren kontra (Fortuna KE) 15-8 galdu zuen, baina hala ere, Beleen egun bikaina biribiltzeko emaitza izen zen gaztearena, bere palmaresa estreinatu baitzuen
Eskolartekoa
Larunbateko jardunaldian eskolartekoaren barruko lehiak ere izan ziren. Honakoak izan ziren Lezoko Beleak-eko kideek lortutako emaitza esanguratsuenak.
- Benjamin Maila, mistoa: Einar Dominguez Aguado lehena izan zen.
- Kimu Maila, mistoa: Unax Zalla Intxaurrandieta lehena izan zen, eta Nico Dafauce Estevez hirugarren.
- Haur Maila, mutilak: Ekhi Aiestaran Narciso hirugarrena izan zen.
- Kadete Maila, mutilak: Eneko Castillo Martinez de Zabarte lehena izan zen, eta Luken Delgado Robledo hamahirugarren.
- Kadete Maila, neskak: Julia Curto Otxoa hirugarren izan zen, eta Lucia Garcia Agirregabiria seigarren.