Gazteentzat bi sexualitate jardunaldi Lezon
Bi jardunaldi izango dira, maiatzaren 6-7 eta hil horren 13-14n. Lezoko Udalak antolatu ditu, aldundiaren Treba Gazteak programa baliatuz.

Lezoko gazte eta nerabeentzat sexualitate jardunaldiak antolatu ditu Lezoko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba Gaztek programaren barrukoak. Bi jardunaldi dira, bi egunekoa bakoitza. “Gazteen garapen integralean eragiteko helburua dute jardunaldi hauek, zuzenean eragiten dieten gaiak ezagutu eta euren bizitzan kudeatzeko baliabideak emateko ikastaroak dira”, zehaztu dute udaletik. Doan da parte hartzea, eta izena aurrez eman behar dela zehaztu du udalak. Baliatu esteka hau izen ematerako.
Lehenengo jardunaldia sexualitatearen zentzu orokorraren ingurukoa izango da eta bi saio izango ditu. Maiatzaren 6an (asteartea) 17 eta 24 urte bitarte dituzten gazteentzako saioa da. Bigarrena, berriz, maiatzaren 7an (asteazkena) da, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat. Izena ematea beharrezkoa izango da. Bi saioak doakoak izango dira eta Ageda Blascok gidatuko ditu, sexualitatean formatzailea da haur, nerabe, eta familiekin.
Bigarren jardunaldia astebete geroago izango da eta hau ere bi saiotan banatuko da, adinaren arabera. Jardunaldi honetan aniztasuna, berdintasunezko praktika afektiboak edota arriskurik gabeko eredu sexual osasuntsuen naturalizazioa bezalako gaiak sakonduko dituzte.
Honakoak dira jardunaldietako saioak.
Maiatzak 6, asteartea. 18:30-21:30 Kultura Aretoan
- Gaia: Sexualitatea birpentsatzen: autonomia, plazera eta loturak (17-24 urte).
Maiatzak 7, asteazkena. 18:30-20:30, Kultura Aretoan.
- Gaia: Sexualitatea ezagutuz: emozioak, desira eta tratu ona (12-16 urte).
Maiatzak 13, asteartea. 18:30-21:30 Kultura Aretoan.
- Gaia: Arauaz harago: aniztasuna, sexu-eskubideak eta praktika afektibo parekideak (17-24 urte) .
Maiatzak 14, asteazkena
- Gaia: Gorputza eta harremanak: plazera, adostasuna eta zaintza. (12-16 urte) .