Trainerillen herrialdeko egutegia, Pasaiatik Pasaiara
Bihar hasiko da badian Gipuzkoako Liga; herrialdeko sasoia bukatzeko, Gipuzkoako txapelketa ere badiak jasoko du maiatzaren 11n.

Oso kontzentratua dator, datei dagokionez, herrialdeko trainerillen sasoia. Gipuzkoako Trainerilla Liga bihar (maiatzak 1, osteguna) hasiko da Pasaiako badian Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatutako lehian; ligak beste hiru jardunaldi izango ditu. Gipuzkoako Txapelketa, berriz, maiatzaren 10 eta 11 artean izango da jokoan, hura ere lau barrutiak banatzen dituen ur laminan. Hamar egunetan, beraz, ontzi ertainen aroa hasi eta bukatuko da, Gipuzkoakoa bai behintzat. Horren ondoren iritsiko dira Euskadiko eta Espainiako txapelketak.
Oarsoaldeko arraun elkarteko guztietako (Hibaika, San Pedro, San Juan eta Trintxerpe-Illunbe) ordezkaritza izango da biharko estropadetan, beraz, ligan. Kadete, Gazte eta Senior mailetako ontzien lehia izango da trainerillena.
Biharko estropadak badia barruan jokatuko dira, portuan, Antxoko nasaren eta Donibaneko Nabalaldearen arteko eremuan; irteera-helmuga lerroa San Pedro parean izango da. Kadeteek bi luze eta ziaboga bateko lana egingo dute (1.750 metro), eta gazteek nahiz seniorrek lau luze tea hiru ziabogakoa (3.500 metro).
Esan bezala, biharko herrialdeko ligaren lehena da. Jarraian, Gipuzkoako trainerillen egutegi zehatza.
- Maiatzak 1, osteguna. Gipuzkoako Trainerilla Ligako lehen estropada Pasaian (11:00).
- Maiatzak 3, larunbata. Gipuzkoako Trainerilla Ligako bigarren estropada Hondarribian (16:00).
- Maiatzak 4, igandea. Gipuzkoako Trainerilla Ligako hirugarren estropada Getarian (11:00).
- Maiatzak 10, larunbata. Gipuzkoako Trainerilla Ligako laugarren eta azken estropada Mutrikun, eta maiatzaren 11ko Gipuzkoako Trainerilla Txapelketarako sailkapen estropadak (16:00).
- Maiatzak 11, igandea. Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa Pasaian (10:30).