Ozeanoetako altxorrak ikusaraziz kontzientzia sortzeko
CIMASUB Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren 12. aldia martxan da Errenteria-Oreretan. Film emanaldiak eta argazki erakusketa ondu dituzte horren barruan, gaurtik hasi eta maiatzaren 25era arte.

CIMASUB Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren 12. aldia martxan da Errenteria-Oreretan, eta maiatzaren 25era arteko egitarau zabal bezain interesgarria jarri dute antolatzaileek herritarren eskura. Irudi bakoitza, konpromiso bat. Begirada bakoitza, aukera bat lelopean egingo dute eta gaur eman dituzte xehetasun guztiak David Sanchezek eta Lourdes Anzak, Cimasuben zuzendaria eta taldeko kidea, hurrenez hurren, Yolanda Martin Ingurumen zinegotziak eta Iñaki Azkarate Ingurumen teknikariak..
Ibaiaren Etxean-Fanderiako Errotan egin dute aurkezpena gaur goizean. Izan ere, zikloaren barruan argazki erakusketa eta 19 film emanaldi egingo dituzte, eta Leiho bat ozeanoko altxorrei erakusketa Ibaiaren Etxean jarri dute.
Zikloak bi ardatz dituela azaldu du Martinek, “itsasondo ikusgarrienak bisitatzeko aukera ematea, batetik, eta gizakien portaerek eta jarrerek eragindako itsas kutsadura, gehiegizko arrantza eta klima aldaketa arazo globala direla adieraztea, bestetik”. Zikloaren barruan, ozeanoen esentzia islatzea lortzen duten argazkilari eta zinemagileen grina bildu dute, “irudi bakoitza erantzukizunezko ekintza bat da, itsas ekosistemen edertasuna eta ahultasuna erakusten duena eta publikoarentzat begirada bakoitza aukera bat da ingurumenarekiko kontzientziarako eta haren aldeko ekintzarako”.
Maiatzaren 5ean, 12an eta 19an izango dira film emanaldiak, 19:00etatik 20:30era. Horietan 15 film labur, diaporama bat eta hiru dokumental proiektatuko dituzte; nazioarteko itsaspeko zinemaren arloan sarituenetariko filmak dira. Emanaldi guztiak, Niessen Kulturgunean izango dira. Lehen saioan, itsasoko biodibertsitatea eta espezieen eta haien ingurunearen arteko harremanak izango dira protagonista; bigarrenean, kontserbazioa eta jasangarritasuna landuko dira; eta hirugarrenean, itsasoari lotutako giza eta kultura historiak nabarmenduko dira.
Txikienek ere izango dute zikloarekin gozatzeko aukera. Haiei begira, Txikizikloa antolatu dute aurten ere. Hartzaileak 5. eta 6. Mailako ikasleak dira, eta maiatzaren 5ean izango dute haiei begirako saioa, “itsasoko biodibertsitatea eta ozeanoak babestearen garrantziari buruz ikasiko dute ikasleek”.
Erreferentea, nazioartean
Urpeko Zinema Zikloa erreferente bat dela nazioartean esan du Martinek, “Ikus-entzunezko lanen kalitateari eta irudikapenari dagokionean, bai sortzaileen aldetik, bai islatzen diren errealitate eta espazioen aldetik”. Hala, Alemania, Andorra, Australia, Austria, Bermudak, Portugal, edo Espainiako Estatutik jaso dira lanak. Bertan erakusten direnak, berriz, Kanariak, Filipinak, Indonesia, Maldivak, Mediterraneo, Polinesia Frantsesa, Portugal, Thailandia, Ekialdeko Timor edo Singapurren jasoak dira.
Erakusketari begira ere jarri da Martin. Jaialdiaren urteko lehiaketan aurkeztutako 12 argazki onenekin osatu dute antolatzaileek erakusketa hori, “itsas ekosistemen edertasuna, konplexutasuna eta hauskortasuna erakusten dute, eta itsasoa kontserbatzearen garrantziari buruz hausnartzera gonbidatzen dute ikuslea”. Hori horrela, argazkien balio artistikoa eta estetikoaz gain, ozeanoak babesteko premiaz sentsibilizatzea duela helburu erakusketak azaldu du Ingurumen arduradunak, klima aldaketaren eta kutsaduraren mehatxuen aurrean. Erakusketa Ibaiaren Etxean-Fanderiako Errotan bisita daiteke gaurtik maiatzaren 25era arte, astearteetan izan ezik, 11:00etatik 20:00etara.
Udala herriko erretiratuen elkarteekin harremanetan jarri dela jakinarazi du azkenik Martinek, “bertara daitezen filmak eta erakusketa ikusiz gozatzera”. Programatutako ekitaldi eta emanaldietarako sarrera doakoa da aforoa bete arte.
Hiru egunetan emango dituzten filmak ezberdinak izango direla azaldu du Sanchezek, “brontzezko lanak emango ditu lehen egunean, zilarrezkoak bigarrenean, eta urrezkoak edota onenak hirugarren emanaldian”. Egun bakoitzean emango dituzten lanak, hemen klik eginda kontsulta daitezke.
Lehiaketara lan mordoa aurkeztu direla aurten nabarmendu du Sanchezek, eta pozik azaldu da horrekin, “700 dik argazkitik gora jaso ditugu lehiaketarako eta horietatik 12 izango dira ikusgai erakusketan. argazki horietan alderdi ona eta alderdi txarra erakusten dira, hau da itsas hondoaren edertasuna eta altxorrak erakusten ditugu batetik, baita ozeanoari eragiten ari garen kalte eta min guztia ere”. Erakusketarako aukeratutako argazkien artean bati erreparatu dio zikloaren zuzendariak. Real Sociedad Itsaspekoak klubeko kideek Getarian egindako argazkia da, eta bere garaian komunikabideetara ere bidali zuten, “Katuarrain mordoa azaltzen da, arrantza-bazterkinak dira. Argazki hori albiste izan zen, baina egunero-egunero gertatzen dira horrelakoak. argazkiak 50 inguru erakusten ditu, baino gehiago ziren inguruan, baita bestelako espezieak ere. Zentzurik gabe hil dituzten animaliak dira, legez kanpoko praktika da, baina egunero ematen dena munduko bazter guztietan. horren salaketa ere egingo dugu zinema zikloan”.
Ikus entzunezkoei dagokienean, 100 lanetik gora jaso dituztela zehaztu du Sanchezek. Bazter ederrenak erakutsiko dituzte zinema zikloaren bidez, itsaso hondoko altxorrak, baina baita salketa egin ere. Ildo horretan, marrazoak izango dituztela hizpide esan du zuzendariak, “Gure planetaren osasunerako ezinbesteko espeziea da marrazoena eta harekin dugun harremana aztertuko dugu. Beti itsasoko hiltzaile gisa aurkezten da animalia hori, eta ez da horrela, hiltzaileak gizakiak gara, urtean ehun milioi marrazotik gora hiltzen ari gara planeta osoan”. Besteak beste, marrazoen harrapaketa erakutsiko dute, “harrapatu eta bizirik kentzen diete hegatsa, bizirik berriz ere uretara botatzeko”. Biodibertsitatea ere izango dute hizpide, eta arrantza tradizionala zein industriala, biak aurrez aurre jarriz.
Azoreetan zero hondakin izateko egiten ari diren lan handia, edo Galiziako otarrainaren desagertzea ere hizketagai izango dute emanaldien bidez. Horrekin batera beste hamaika gai, guzti-guztiak kontzientzia piztu eta ekiteko, argi esan baitu Sanchezek, “norbanakotik hasi asko egitea dugulako ozeanoak eta gure planeta babesteko. Geuk ere badugu ardura, eta geu ere bagara konponbidearen parte”. Emanaldi guztien artetik bat aholkatu du bereziki Sanchezek, Nika: “Gure jaialdian inoiz izan dugun lanik onena da niretzako, publiko guztientzat egokia. Ikasteko asko, baina batez ere hunkitzeko, pertsona bat eta kalderoi baten arteko harremana oinarrian, Kanaria Uhartearen gainesplotazioa eta turismoaren gaineko hausnarketa egiten du”.
Oharpena bukatzeko, Sanchezek, “kontrara uste badugu ere, natura finitua da, eta mugak ikusten ari gara jada. Denoi dagokigu zaintzea natura, gure planeta”.
- CIMASUB zikloaren barruko argazki erakusketako irudietako batzuk