7.000 metro koadro gehiago izango ditu Blas de Lezo Itsas Eskolak
Atzo onartu zuen udalbatzak garai batean galdutako espazioa berreskuratzeko plana. Orain, Hezkuntza Sailari dagokio urratsak egitea.

Udalbatzarra egin zuten atzo (hilak 29, asteartea) Pasaiako Udaleko hautetsiek. Hartutako erabakien artean, hirigintza eta hezkuntza partekatzen dituen bat, udal gobernuak proposatutakoa: Blas de Lezo Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak, edo Pasaiako Itsas Eskolak duela hamarkada bat baino gehiago galdutako espazioak berreskuratuko ditu, 7.000 metro koadro irabaziko ditu. Horretarako hezkuntza zentroak hartzen duen espazioaren Hiri Antolamendurako Plan Berezian eraginez.
Zentroa handitzeko beharra testuinguru konplexu batean sortu zen udal gobernuaren esanetan: “Duela hamarkada bat baino gehiago, Velasco inguruko etxebizitzak eraikitzeko obrek egiturazko kalteak eragin zituzten, eta, ondorioz, eraikinaren erdia eraitsi behar izan zen. Orduz geroztik zentroak bere lanarekin jarraitu du, nahiz eta espazio-baldintza mugatuak izan. Behin betiko onartu den planak egoera horri erantzun tekniko eta urbanistikoa emateko bidea irekitzen du”. Horrela, antolamendu berriarekin, lursail osoa hezkuntza erabilerarako finkatuko da, egungo instalazioak ipar-ekialdeko zonaldea handituz, lau solairu gehigarrirekin. Urpekaritza putzu bat eraikitzeko aukera ere dagoela esan du udal gobernuak, zentroaren eskaintzaren barruan urpeko prestakuntza ere dagoelako.
Behin plana onartuta, orain Eusko Jaurlaritzari dagokio hurrengo faseen buru izatea, Hezkuntza Sailaren kudeaketaren barruko zentro integratua baita Blas de Lezo. “Hezkuntza Sailari eskatzen diogu ahalik eta lasterren egin ditzala lan horiek”, esan du Teo Alberro alkateak.
Atzoko erabakiaz ere hausnarketa egin du udal agintariak: “Lanbide heziketa funtsezko pieza da Pasaiaren orainean eta etorkizunean. Gaur [atzoko udalbatzarraz ari da] erantzun zehatza ematen diogu duela hamarkada bat baino gehiago sortutako beharrari. Plan hau onartuta, bidea erraztu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak ikastetxeak eta gure bizilagunek merezi duten zabalkuntza egin dezan. Ikastetxearen instalazioak zabaltzea eta sendotzea ezinbestekoa da kalitatezko eta euskarazko prestakuntza eskaintza bermatzen jarraitzeko”.
Iaz, Udalarekin lankidetzan, eskaintzen dituzten zazpi zikloetatik lau euskaraz egiteko aukera ireki zuen itsas eskolak. “Gure konpromisoa da euskarazko eskaintza hori babesten eta bultzatzen jarraitzea; beraz, talde berriak sor litezke, eta, aldi berean, talde horiek ikasgela berrietan prestatu beharko lirateke”, adierazi du Alberrok.