Hondakinen bilketa tasa sei hilean behin kobratuko du Errenteriako Udalak aurrerantzean
Bihar hasiko da hondakinak biltzeko tasa kobratzeko epea. Biohondakina bereizten aktiboki laguntzen duten pertsonei %27 murriztuko die udalak tasa.
Edukiontziak Errenteria-Oreretan Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezartzen du hondakinen tasa ezin dela defizitarioa izan, eta zerbitzuaren erabiltzaileak direla hondakinen tratamenduaren eta kudeaketaren kostuari aurre egin behar diotenak. Errenterian, 2024ko tarifa-defizita % 50 ingurukoa zela jakinarazi du udalak.
Hori horrela, eta aipatu arau hori betez, Errenteriako Udala hainbat egokitzapen egiten ari da tarifa sisteman, egungo Hondakinen Udal Ordenantzaren esparruan. Alde batetik, tarifa-defizit hori murrizteko tasak handitu ditu udalak, horien kobrantza malgutuz. Tasa hori bi epetan igorriko du udalak, urteko bi seihileko bakoitzean behin, eta horren gehieneko kostua 90,74 eurokoa izango da seihilekoan, familientzat. Ordainketa zatikatua ere eska daitekeela jakinarazi die herritarrei.
Gehien birziklatzen dutenei hobariak ezarriko dizkietela jakinarazi du halaber, udalak. Hala, gehien birziklatzen dutenei % 27ko tarifa-murrizketak aplikatuko zaizkie. Edukiontzi marroia (BIOhondakina edo organikoa) 40 aldiz edo gehiagotan irekitzen duten pertsonei ezarriko zaie %27ko hobari hori, eta % 10ekoa urtean 10-39 irekiera egiten dituztenei.
Gogorarazi du, bestalde, mankomunitateko kartoi-papera eta beira bereizteko eta birziklatzeko programetan alta emanda dauden eta aktiboki laguntzen duten merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduek ekainaren 30era arte eska dezaketela tasaren % 20ko murrizketa. Sistema horretan inskribatuta dauden establezimenduei dagokienez, ez da beharrezkoa berriro eskatzea.
Birziklatzea merkeagoa da
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak urtero ezartzen du udalerrien mankomunitate bakoitzak hondakinen tratamenduagatik ordaindu behar duen tasa.
Errenteriako Udala partaide duen San Marko Mankomunitateak organikoa bereizteagatik hobariak ematen ditu. Beraz, biohondakinaren bilketa zenbat eta gehiago handitu, tratamenduaren kostua orduan eta txikiagoa izango da udalerri osoarentzat. Horrela, zerbitzuaren kostua murriztu ahal izango da, ingurumena zaintzen laguntzeaz gain. Horrekin loturik, Errenteriako Udalak hainbat inbertsio egingo ditu 2025 eta 2026 urteetan, edukiontzietarako irisgarritasuna handitzeko eta irekiera-sistemak hobetzeko, bai eta sentsibilizazio-kanpaina bat ere, birziklatzearen hondakinak ondo kudeatzeko pertsonen konpromisoa eta inplikazioa azpimarratzeko: “Horrekin guztiarekin, pertsonen parte-hartze aktiboa bultzatzen jarraitu nahi da, eta Europako zuzentarauek hondakinen arloan ezarritako helburuak bete”.
2025eko lehenengo seihilekoari dagozkion hondakinen bilketagatiko tasaren ordainagiriak bihartik —hilak 2— ekainaren 16a arte, biak barne, egongo dira kobratzeko jarrita. Helbideratutako ordainagiriak borondatezko epearen azken egunean baimendutako entitate eta kontuan kargatuko dira. Ordainagiria helbideratuta ez daukaten zergadunek, beren ordainketak Udal honen ZU! arreta zerbitzuan, edozein entitate laguntzailetan, edo webgunearen bidez egin ditzakete, goian aipatutako epea amaitu bitartean.
Adierazitako epe hori bukatu ondoren ordaindu ez diren kuotak dagokien gainordainarekin kobratuko ditu udalak.
