Pasaiako Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria, jendaurrera
Aurrerakinaren informazio eta azalpen erakusketa barruti guztietara eramango du udalak. Herritarrek zuzenean ezagutu ahalko dute plana, parte hartze saioen bidez.
Pasaiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) lantzen ari da udala. Udalerriaren antolamendurako tresnaren aurrerakina prest du udal erakundeak, eta hori jendartera zabaldu nahi du. Herriko lurzoruaren erabilerak eta eraikinen antolamendua arautzeko tresna berrituaren nondik norakoak sozializatu nahi ditu. “HAPOa udalerri bateko antolamendu-tresnarik garrantzitsuena da, horrekin erabakitzen baitira udalerri baten lurzoruaren erabilerak eta eraikinak. Horren bidez udalerriaren lurzorua sailkatzen da: hiri-lurzorua, lurzoru-urbanizagarria eta lurzoru urbanizaezina. Azken finean, HAPO batek zer, non eta zenbat egin daitekeen arautzen du, Pasaiako eremu fisikoan, eraikin eta lurzoru publiko zein pribatuetan”, zehaztu du udalak. HAPOari buruzko informazio atal berezitua sortu du udalak haren webgunean.
Gizarteratze lan horretarako hainbat proposamen landu ditu udal erakundeak. Horietatik lehena martxan da: Trintxerpeko alkateordetzan planaren traza nagusiak agertzen diren panel bidezko erakusketa zabalik da, hilaren 16ra arte. Trintxerpetik San Pedroko Udal Aretora eramango dute informazio egitasmoa (maiatzaren 16tik 30era), eta handik pasata Antxoko Kultur Etxean (ekainak 1-13) eta Donibaneko Juanba Berasategin (ekainak 13-30) egokituko dute.

Teo Alberro alkatea eta Iraitz Pazos Hirigintza zinegotzia, Trintxerpen zabaldu den erakusketan.
Horrekin lotuta, erakusketan jarri direnak ulertzeko lau bisita gidatu antolatu dira, bat barrutiko (denak 17:30ean hasiko dira): hilaren 8an izango da Trintxerpekoa, 29an San Pedrokoa, ekainaren 4an Antxokoa, eta ekainaren 18an Donibanekoa.
Xehetasun gehiago jasotzeko ere neurriak adostu ditu udalak. Bi hitzaldiren bidez, HAPOaren aurrerakinaren zehaztasunak jasotzeko aukera izanen da maiatzaren 8an Trintxerpeko alkateordetzan (19:00) eta ekainaren 4an Antxoko Kultur Etxean (19:00).
Etorkizuneko Pasaia
Garrantzia eman dio HAPOaren lanketari Teo Alberro alkateak. “Herriaren etorkizuna baldintzatuko duen proiektua da, pasaitarren egungo beharrei eta etorkizuneko beharrei erantzuteko funtsezkoa. HAPOak herriko egitura fisikoan bakarrik eragingo duen arren, eragin zuzena izango baitu gizarte, ekonomia eta ingurumen garapenean. Gaur egun 1996ko Arau Subsidiarioek betetzen dute eginkizun hori, eta hirigintza plan berri bat behar dugula argi dago. Hori dela eta, udal gobernuak funtsezkotzat jotzen du herritarren partaidetza. Ez hori bakarrik, gai konplexu eta oso teknikoa denez, herritar guztientzat ulergarria izatea nahi dugu”, esan du Alberrok.
Egun, HAPOrik ez du Pasaiak. 1996ko Arau Subsidiarioek betetzen dute udalerriko lurzoruaren eta haren gainekoak arautzeko eginkizuna. Legez, derrigorrezkoa da udalerriek HAPO izatea. Hala, bide horretan plana egiteari 2020an ekin zion udalak, baina pandemiagatik eten egin zen prozesua. 2021ean berrekin zitzaion egitasmoari, lehen faseko atalean hirigintza informazioa emanez. Ordutik planaren aurrerakina lantzen izan da udala, eta hori aberasteko parte hartze prozesua garatu zen 2021 eta 2022 urteen artean. “Aurrerakinaren ondoren eta helburuen eta irizpideen akordioa lortu ostean, hurrengo pausoa izango da HAPOa idaztea eta hasierako onespena ematea; baina pausoz pauso egin beharko dugu bidea, elkarrekin”, esan du Iraitz Pazos Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumeneko zinegotziak.
Beheko bideoan, HAPOaren aurrerakinaren hainbat informazio eta datu ikus daitezke.
