Alargun Beltzak taldearen kontzertuarekin, hasi da OiartzuaRock
Eguzkia lagun, dantzan jarri ditu herritarrak Alargun Beltzak taldeak. Eurena izan da lehen kontzertua; Lohizune eta Izaro dira hurrengoak.
Alargun Beltzak taldeaLeire Perlines Eguzkia lagun zutela, pozarren eman diote hasiera eguerdiko hamabiak jota aurtengo OiartzuaRock jaialdiari. Zazpigarren edizioa da, eta antolatzaileek aurtengo egitarauaren irakurketa positiboa egin dute, egunean zehar oholtzan ariko diren pertsonen artean, kopuru oso antzekoa baita emakumeena eta gizonena.
Alargun Beltzak taldeak eman dio hasiera 2025eko OiartzuaRock jaialdiari, eta nola, gainera, herritarrak dantzan jarri baitituzte. Bertsioak nagusitu dira euren kontzertuan, eta, aipatu moduan, dantzak ere pisu handia izan du musikari zein ikusleengan.
Udako giroa dago gaur Oiartzunen, baina hori ez da, inolaz ere, oztopoa izan herritarrentzat; ura eta itzala tartekatuz egin baitiote aurre beroari. Alabaina, gaurko lehen kontzertua amaitu ondoren, sabelak betetzeko ordua iristear dute oiartzuarrek, eguerdiko ordu bietarako baitute programatuta bazkaria Kontzejupean. Denek elkarrekin jan, eta 16:30ean jarraituko du festak.
HITZA OiartzuaRock jaialdian izan da, eta hona, hortaz, bildutako zenbait irudi eta bideo.
EGITARAUA
- 16:30. Lohizune eta Izaro.
- 17:30. Hecetu Welo.
- 18:30. Peppermint Sextet.
- 19:30. Northecko.
- 20:30. Gorroto Bala.
- 21:30. Oiartzungo Panterak.
- 22:30. Kloakass Sessions.
