Hodei Lujanbio eta Larraitz Etxebeste, azkarrenak Landarbaso Trailen
Mattin Odriozola oiartzuarra podiumeko bigarren koskara igo da, eta Sergio Oliveirak bete du hirugarrena. Emakumezkoetan, Etxebesteren atzetik, Maria del Prieto eta Ainhoa Arruti sailkatu dira.
Askok aurtengoa lehen Landarbaso Trail euritsua izango zela uste bazuten ere, eguzkia izan da gaurko garaile handienetako bat. Eguraldia lagun izan dute bosgarren Landarbaso Trailen parte hartu duten dozenaka eta dozenaka lasterkariek. Giro ezin hobean igaro da goiza.
216 lagunek parte hartu dute bosgarren ekitaldi honetan, eta azkarrena, lehen aldiz, Hodei Lujanbio goizuetarra izan da, 1:27:38-ko denborarekin. Haren atzetik, oso hurbil eta jada ohiko bilatzen ari den bezala, Mattin Odriozola oiartzuarra izan da, 1:30:26-ko denborarekin podiumeko bigarren koskara igo da. Haren atzetik, eta hortaz, hirugarren, Astigarragako Sergio de Oliveira izan da, 1:31:02-ko denborarekin.
Emakumeetan ere eskualdean geratu da garaipena, Oiartzunera eraman du, beste behin ere, gaurko txapela Larraitz Etxebestek, 1:44:37-ko denbora egin ondoren. Haren atzetik, eta oso hurbil, Maria Prieto del Campo heldu da helmugara (1:45:20). Ainhoa Arruti urnietarrak bete du podiuma, harentzat izan da hirugarren postua (1:53:41).
Aipatutakoak ez dira gaurkoan etxera saria eraman duten bakarrak izan. Izan ere, Oreretako eta Urdaburu elkarteko lasterkari azkarrenek ere sari bana eraman dute. Herriko zein elkarteko lasterkari azkarrenak pertsona berberak izan dira, Lorea Etxeberria eta Oier Arraztio, hain zuzen ere.
Gaurko sailkapen osoa, lotura honetan kontsulta daiteke. Aurki, HITZAk gaurko lasterketan ateratako argazkiak argitaratuko ditu webgune honetan.
