Atlantikaldiaren 'zeharkaldiak' janzteko irudia
Dom Campistron euskal herritarra eta Pierpaolo Lampitelli italiarra dira aurtengo musika jaialdi eta kultur topaketaren kartelaren egileak.
Atlantikaldiaren aurtengo ekitaldiaren irudia. Dom Campistron baxenafartarra eta Pierpaolo Lampitelli egun Donostian bizi den italiarra dira aurtengo Atlantikaldiaren kartelaren egileak. Zeharkaldiak lelopean egingo dute aurtengo musika jaialdi eta kultur topaketa irailaren 18tik 21era bitartean.. Kolore eta ikuspegi ezberdinen batura dela aurtengo kartela azaldu dute jaialdiaren antolatzaileek. Lau eskutara sortu dute aurtengo kartela egileek.
Begirada eta estilo artistiko ezberdinak uztartu dituzte Campistron eta Lampitellik; ilustrazioak eta konposizioa landu ditu lehenak; letteringa, bigarrenak. Disenatzaile grafikoa da Lampitelli eta ilustratzailea, serigrafia, marrazketa eta irudi grafikoaren inguruan garatzen du bere jarduna. Inspirazio nagusiak ilustrazioa, bideojokoak, komikia, eta 1980ko hamarkadako dark fantasy zinemagintza dira, eta bere lanetan kolore biziek eta konposizio irudimentsuek dute protagonismoa.
Marrazkilari kuir feminista da Campistron, eta 2021ean Bekatorosak liburua argitaratu zuen. Ordutik, Argia, Berria eta Iparraldeko Hitza hedabideekin elkarlanean aritu da, kartelak eta ilustrazioak sortzen, eta haurrei zuzendutako tailerrak dinamizatzen. 2022an berriz, Altxalili Kabareta kolektiboa sortu zuen, Euskal Herrian drag performancea bultzatzeko. Bere muralak oso ezagunak dira, eta presentzia nabarmena dute bere ibilbide artistikoan.
Irudira aniztasuna, mugimendua eta topaketa eraman dituzte bi artistek, “elementu guztiak hari ikusezin baten bidez elkartzen dira, zeharkaldien ideia adierazteko. Musikaren, hizkuntzaren eta gorputzaren bitartez sortzen diren loturak irudikatu nahi izan ditugu” azaldu du Campistronek.
Jaialdia baino gehiago da Atlantikaldia, hala nabarmendu dute antolatzaileek, “kultur bizi baten erakusleihoa da, herritarrek parte hartzen duten sormen kolektiboa, eta munduko istorio desberdinak Errenteriako kaleetan gurutzatzen diren gune bat. Urtero kolaborazio artistiko eta komunitarioek jaialdiari forma ematen diote, eta irudi ofiziala hori guztia sintetizatzen saiatzen da. Kartelaren bidez adierazi nahi izan da aniztasunak ez duela banaketa suposatzen, elkarren ondoan bizitzeko bide berriak irekitzen dituela baizik”.
Bien estiloak fusionatu dituzte irudiaren sorkuntza prozesuan zehar bi artistek, marrazketa estilo eta kolore paleta desberdinak uztartuz, “konposizio dinamiko eta anitza lortu dute, Atlantikaldiak barne hartzen dituen istorio eta esperientzia desberdinak ikuspegi berezi batetik irudikatzeko”.
Lehen aldia izan dute beste artista batekin elkarlanean Campistronek eta Lampitellik, “oso arina eta naturala izan da. Prozesua pixkanaka joan da, eta bion artean osatu dugu kartela, elementuak landu eta hobetu arte”.
