Bokaleri izaera juridikoa aitortu dio udalak
Udalak urrats esanguratsua egin du euskararen normalizazioaren aldeko bidean, Bokaleren jarduna forma juridiko bidez errekonozitu baitu. Pasaian ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek onartu dute neurria.
Pasaiako Udalak “urrats garrantzitsua” egin du euskararen normalizazioaren aldeko bidean, Bokale Euskara Aholku Batzordearen jarduna forma juridiko bidez errekonozitu baitu. Apirileko osoko bilkuran onartu zen neurria, aho batez, Pasaian ordezkaritza duten alderdi politiko guztien babesarekin (EH Bildu, Podemos, EAJ eta PSE-EE). Bokale 2011n sortu zen, Euskararen I. Plan Estrategikoa diseinatu eta garatzeko testuinguruan. Ordutik, herriko hainbat eragilek osatutako lan mahaiak eta elkarguneak egituratu direla adierazi du udalak, eta parte hartze sare sendo bat eraiki da bertan.
Bokalen udaleko Euskara teknikariak eta zinegotziak aritzen dira, herriko sektore anitzetako eragile eta ordezkariekin batera: euskalgintzako herri egitasmoetako ordezkariak (barruti bakoitzeko bat), herriko euskaltegietako ordezkariak (Udal Euskaltegia eta Txirrita AEK), hiru ikastetxeetako ordezkariak (Karmengo Ama, Pasaia-Lezo Lizeoa eta La Anunciata), Laurak Bat merkatarien elkartea, aisialdi eta kirol mahaiko ordezkariak, lan munduko ordezkariak eta gazte mahaiko ordezkariak.
Udalak zehaztu du Bokaleren egitekoa dela euskararen erabilera normalizatzeko estrategiak eta politika publikoak hausnartzea, garatzea eta jarraitzea, betiere Euskararen Plan Estrategikoan jasotako ildoak jarraituz. Horrez gain, batzordeari legitimitatea aitortu zaio hizkuntza politiken inguruko erabakiak hartzeko. Udal erakundeak nabarmendu du parte hartzea eta lankidetza direla Bokaleren muina; hori dela eta, egitura horrek aukera ematen du herritarren eta eragileen ahotsa modu antolatuan eta eraginkorrean entzunarazteko.
Honakoa adierazi du Laura Ré Lozano Euskara zinegotziak: “Bokalek ibilbide historikoa dauka gure herrian. Pasaian euskara bultzatzeko espaziorik emankorrena dela esan genezake ahoan bilorik gabe. Horregatik, eta aitortza gisa, garrantzitsua iruditzen zitzaigun forma juridikoa ematea, udal organo bihurtzea. Gainera, sinisten dugun politika ereduaren adierazle da neurri hau, herritarren partaidetza sustatzeko gune bat ere baita Bokale bera”.
Rék baietsi du azken hilabeteetan nagusitzen ari den euskararen kontrako oldarraldiaren testuinguruan, “sekula baino garrantzitsuagoa” dela administrazio publikotik “euskararen aldeko pauso sendo, ausart, eta baliagarriak egitea; eta hau da bat”.
Araudia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, hamabost laneguneko epean sartuko da indarrean. Bokale egitura ofizial bihurtuta, euskararen aldeko lanari aitortza eta babes instituzionala emango zaiola adierazi du udalak. “Parte hartze herritarraren bidez hizkuntza politikak herritik eta herriarentzat eraikitzen jarraituko du Pasaiako Udalak”.
