Hamaika egun, hamaika iniziatiba eta helburu bakarra: euskara betikotzea
Atzerako kontaketa hasi du Euskaraldiak eta hamaika eguneko euskararen aldeko ariketa erraldoirako ondu duten egitaraua zabaldu du Euskaraldiaren Errenteria-Oreretako batzordeak.
Euskaraldiaren egitaraua aurkeztu du Errenteria-Oreretako herri batzordeak. Euskaraldiak hilaren 15ean abiatuko du euskararen erabilera sustatzeko eta bazter denetara zabaltzeko ariketa masiboa, eta Euskaraldiaren herri batzordeak ondu duen egitarau zabal eta askotarikoaren berri eman du. Joxepa Antoni Aranberri anitzenean egin zuten aurkezpena herri batzordearen parte diren hainbat eragilek, Naroa Etxeberria Euskaraldiaren Errenteria-Oreretako koordinatzaileak, Leire Mazizior Hizkuntza Politiketako zinegotziak, sail bereko teknikari Joxe Mari Jauregik eta Jexux Mari Ertzibengoa Kiroletako teknikari.
Elkar mugituz egingo dugu! Euskaraldiaren leloari erreferentzia eginda aurkeztu zuten egitaraua, zinez aberatsa, ideia horrekin azaldu nahi baitute, den-denak direla beharrezkoak euskarari hauspoa eman eta erabilera egunerokoaren ekintza guztietara eta eremu denetara eramateko. Egitaraua batzordearen parte diren eta ez diren hamarnaka eragilerekin ondu dutela azaldu zuen Etxeberriak, eragile horien laguntzarekin lortuko baitute euskarak herriko bazter denak zipriztindu ditzan. Bustialdia luzaroan irautea lortuko bada ere, eragile eta norbanakoen ariketa kontzientearen ondorio izango da, “helburu bera dugu denok, bakoitzak guretik eginda: Errenteria-Oreretan euskaraz bizi gaitezen ahalbidetzea”.
Bide horretan diseinatu dute egitaraua, “euskaraz bizi nahi duten eta gazteenetatik hasi eta helduenetaraino denok izan dezagun Euskaraldiaz eta euskaraz gozatzeko aukera”.
Hitanoa, euskara, mugimendua, eta aisialdia ere barne biltzen dituela egitaraua azaldu zuen batzordeak atzo arratsaldean egindako agerraldi horretan, “euskarak dibertitzeko ere balio baitu. Beraz , ahobizi edo belarriprest moduan izena ematearekin batera, hizkuntza etxean bereganatuta edo eskolan ikasita, ondoan daudenei euskaraz egingo diegu hamaika egunetan zehar edota gurekin euskaraz egitera gonbidatuko ditugu euskal hiztunak”.
Gonbidapena egin diete herritar guztiei bat egin dezaten antolatutako ekintzetan, baita Euskaraldian ere: “Gurekin bat egin eta euskara mugitzen lagunduko? Elkar mugituz egingo dugu! “.
Euskaraldiaren egitaraua
- Hilak 6, asteartea: Hizkuntza portaeren prestakuntza saio irekia. Lau Haizetara Euskaltzaleon topaguneak antolatuta. Joxepa Antoni Aranberri anitzenean, 18:30ean hasita.
- Hilak 7, 8, 14 eta 15ean: Hitano ikastaroa (izen ematearekin). Lau Haizetara Euskaltzaleon topaguneak antolatuta. Joxepa Antoni Aranberri anitzenean 16:00etatik 18:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
- Hilak 8, osteguna: Euskaraldi indartua Errenterian. Badalabek antolatuta, Joxepa Antoni Aranberri anitzenean 17:30etik 20:00etara.
- Hilak 8 eta 19: Blaitu Klubaren herri erronka. Orereta Ikastolak antolatuta, herrian zehar.
- Hilak 9, ostirala: Arkahitzak bertso saioa Xenpelar Bertso Eskolak antolatuta, Arkaitza tabernan, 23:00etan hasita.
- Hilak 10, larunbata: Kantujira herriko kaleetan barrena 12:00etatik 13:00etara; Euskaraldia Kaputxinoetan Kaputxinoetako auzo elkarteak antolatuta, Cristobal Gamon ikastetxearen jolastokian, 17:00etan hasita; Pump desafiyua Errenteria/Lezo Agirre Lehendakariaren plazan, 18:00etan hasita; Bihotzak alaitzeko musika Agirre Lehendakariaren plazan, 20:00etan hasita.
- Hilak 11, igandea: Euskal Jaia Gabierrotan, Gabierrotako auzo elkarteak antolatuta, egun osoan.
- Hilak 15, osteguna: Kale antzerkia Eraitsi SL, Agirre Lehendakariaren plazan 18:00etan hasita.
- Hilak 15, 16, 19,23: Kahoot Euskaraz hitanoarekin jolasten irekia. Lekuona Fabrikan, 18:30ean.
- Hilak 17, larunbata: Muxikoak eta mintzopotea Arkaitzan 12:00etan; Bakarrizketa: puta baten bakarrizketa eroetxean Xenpelar etxean, 19:30ean. Sarrerak doan (klik hemen).
- Hilak 18, igandea: Euskara eta eskubaloi jolasak. Irekia. Ereintza elkarteak antolatuta. Gernika Plazan, 10:30etik 12:30era.
- Hilak 19, astelehena: Ipuinak sortzeko tailerra. Irekia. Herri Arte Eskolak antolatuta. Lekuona Fabrikako Plaza Txikian, 18:00etan hasita; Ombuaren itzala, Niessen zinemetan 19:30ean. OzZinemak antolatuta. Sarrerak doan (klik hemen).
- Hilaren 22an, osteguna: Musikaste: Juan Mari Beltran Argiñenaren doinuak. Irekia. Eresbilek antolatuta. Lekuona Fabrikan, 18:30ean.
- Hilaren 23an, ostiralean: Bertso erakustaldia: Ikasturte bukaerako jaia, Herriko Plazan, 17:00etan; Bakarrizketa: Oihan Vega, Limerick tabernan 20:00etan; Bertso afaria, Alkartasuna elkartean 21:00etan. Txartelak: Lau Haizetara, Merkatuzar eta Arkaitza.
- Hilak 24, larunbata: Kaleko jolasak, parte hartze tailerra, eta txirrindularitza zirkuitua. Irekia. Kromosoma tailerrak eta Laguntasuna elkarteak antolatuta. Agirre Lehendakariaren plazan, 11:00etatik 13:00etara.
- Hilak 25, igandea: Haurrentzako marrazki lehiaketa, Alabergako jai batzordeak antolatuta. Alabergan 11:00etatik 13:30era.
- Hilak 29, osteguna: Etorri berrien hizkuntza harrerari buruzko solasaldi irekia, Joxepa Antoni Aranberri anitzenean 18:30ean hasita.
- Egitarauaren barruan, Arraun hiztegia aurkeztu zuen Hibaika Arraun elkarteak hilaren 2an.
