Lesoinuren azken traka, igandean
Kontari Landarbaso abesbatzak goizean eta Duovento Ensemblek arratsaldean emanaldiak eskainiko dituzte.
Errenteria-Oreretako Kontari Landarbaso abesbatza. Bukatzear da XXXIX. Lesoinu, Lezoko Aste Pedagogiko Musikala. Martxan hasi ziren kultur aroko lehen ekitaldiak, eta apiril oparoaren ondoren, 2025eko kultur topaguneak igandean itxiko du aurtengoa. Bi emanaldi izango dira Gezala Auditoriumean, bat goizean eta bestea arratsaldean.
Goizekoa 12:30ean hasiko da. Errenteria-Oreretako Kontari Landarbaso abesbatzak kontzertua emango du herriko aretoan. Landarbasoren koru taldeen artetik gazteenena da Kontari, eta herriko haurrei nahiz helduei begirako egitaraua interpretatuko dute. Saioaren helburuen artean ere badago herrian gazteenen korua berpizteko inspiratzaile izatea, Txinparta abesbatzari hauspoa ematea.
Arratsaldean, berriz, Duovento Ensemble bikoaren kontzertua jasoko du Gezalak. Akordeoi eta saxofoi bikotea da, eta obra klasikoak nahiz garaikideak zabalduko dituzte 19:00etatik aurrera.
