Oarsoaldea Urdina proiektua aurkeztu dute Pasaian
Itsasoa eta berrikuntza ardatz dituen iniziatibaren barruan, Rekreando enpresak isolamendu burbuila eramangarria aurkeztu du, Itsas Salbamenduan aplikatu ahal izateko.
AZTIk, Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) sustatutako Oarsoaldea Urdina iniziatibari esker, Oarsoaldeak eredu ekonomiko iraunkorrago baterantz aurrera egiten jarraitzen du, etorkizuneko erronkekin konektatuta dagoelarik. Egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren finantza laguntza izan du, Berpiztu programaren eta ZAP (Lehentasunezko Jarduera Eremuak) estrategiaren esparruan. Lankidetza gune hori foku puntu gisa finkatzen ari dela adierazi dute protagonistek, ekonomia urdinaren alorrean proiektuen jarraipena egiteko eta irtenbide berriak bultzatzeko berrikuntza teknologikoaren, itsas industriaren eta lurralde garapenaren arteko sinergiak sustatuz.
Oarsoaldea Urdina iniziatibaren baitan, Rekreando enpresa donostiarrak garatutako gailu berri bat aurkeztu zuten atzo Pasaian: Itsas Salbamenduko larrialdi egoeretarako diseinatutako isolamendu burbuila eramangarri bat. Sistema arin bat dela eta azkar instalatzen dela jakinarazi zuten, eta gaixotasun infekziosoak, erredura larriak, alergia larriak edo immunodepresioa dituzten pazienteak modu seguruan isolatzeko aukera ematen du gailu horrek, baita ingurune operatibo konplexuetan ere, esaterako, itsasoan.
Atzoko agerraldian Lourdes Oña Bilboko Salbamendu Koordinazio Zentroko burua, German Erostarbe Santanderreko zentroko burua eta Operazio Berezien Sailean esperientzia duena, Amelia Gonzalez Pasaiako itsas kapitaina, Izaskun Goñi PPAko lehendakaria, David Candelario PPAko zuzendaria, Julien Mader AZTIko zuzendaria, Fernando Nebreda Oarsoaldea Garapen Agentziako zuzendaria eta Aizpea Otaegi Oarsoaldea Garapen Agentziako presidentea eta Errenteria-Oreretako alkatea izan ziren.
Atzoko saioan aurkeztutako teknologiak agertoki errealetan izan dezakeen aplikazioa aztertu zuten, eta azaldu zuten Oarsoaldea Urdina Poloak ingurune bideratzaile gisa duen zeregina agerian geratu dela, soluzio teknologikoak itsasoaren beharrekin konektatzeko. Garapen fasean dagoen arren, Oarsoaldea Urdina ekonomia urdinean erreferente hasiberri gisa kokatzen dela adierazi zuten, non lankidetza publiko pribatuak eta berrikuntzaren aldeko apustuak hazkunde eta espezializazio bide berriak irekitzen ari diren lurralderako.
Hona protagonisten hitzak. Julien Mader: “Oarsoaldea Urdina Poloa lehen fruituak ematen ari da ekonomia aktibatzeko motor gisa, itsas sektorean berrikuntza sustatuz. Jardunaldi hau lortzen ari garen aurrerapenen adibide argia da”.
Izaskun Goñi: “Guretzat AZTIren presentzia Pasaiako portuan balio estrategiko handikoa da. Gure instalazioetan itsas ingurunea ikertzeko eta itsas teknologian aurrera egiteko zentro bat izatea indar handia da. Berrikuntza sektore ororentzat itsasargi da. Portu agintaritzatik, ahalik eta gehien baliatuko ditugu eskaintzen dizkigun aukerak, eta portuko komunitate osoaren artean dinamika berritzaileak bultzatuko ditugu”.
Aizpea Otaegi: “Erakunde anitzen arteko elkarlana funtsezkoa izan da eta izango da, eskualdearen garapen sozioekonomikorako esparru estrategikoa den ekonomia urdinaren eremuan jauzi bat emateko”. Horrez gain, Otaegik AZTIren egitekoa goratu eta Pasaiako badiak esperimentaziorako eta berrikuntzarako eskaintzen dituen aukerak balioan jarri zituen. Hori dela eta, aurrerantzean ere lankidetzan jarraitzeko gonbidapena luzatu zien eragile guztiei.
