Alberro, Arruti eta Otaegi portuko lehendakari berriarekin elkartu dira
Pasaiako, Lezoko eta Errenteria-Oreretako alkateak PPAko Izaskun Goñirekin bildu dira, portu inguruko herrietako alkateek lehen hartu emana izateko lehendakari berriarekin. Hiru alkateek hainbat gai jarri zituzten mahai gainean, portuarekin lantzeko.
Pasaiako, Lezoko eta Errenteria-Oreretako alkateak, hau da, Teo Alberro, Mikel Arruti eta Aizpea Otaegi, Pasaiako Portu Agintaritzako (PPA) Izaskun Goñi lehendakari berriarekin bildu ziren astelehenean. Bilkura horren asmoa izan zen portu inguruko herrietako alkateek lehen hartu emana izatea lehendakari berriarekin. Hiru alkateez gain, Jose Luis Azkue Eusko Jaurlaritzako Industria Garatzeko eta Administratzeko zuzendariak eta David Candelario PPAko zuzendariak hartu zuten parte.
Teo Alberrok bileraren balorazio positiboa egin du: “Gure herriarentzako funtsezkoak diren eta euren egunerokoan zuzeneko eragina duten gaiak jarri genituen mahai gainean, eta lehendakari berriak prestutasuna agertu zuen horiei heltzeko”. Horien artean, foro bat egituratzeko beharra plazaratu zuten alkateek: “Hiri portu batzordea osatzeko beharra plazaratu genion Goñiri. Mahai hori funtsezkoa da inguruko bizilagunengan zuzeneko eragina duten proiektu eta jardueren inguruan eztabaidatu eta horiei aterabideak adosteko, eta lehendakari berriak prestutasuna agertu zuen foro hori aktibatzeko. Izan ere, ezin dugu ahaztu portua herrian dagoela, eta bertako edozein jarduerak zuzeneko eragina duela bertako bizilagunengan”.
Bilkuran jorratu zuten beste gaietako bat euskararen erabilerarena izan zen. “Portuko Administrazio Kontseiluetan parte hartzen dugunotako asko euskaldunak gara, eta ezin da gehiago atzeratu bertan euskaraz aritzeko baliabideen ezarpena. Lehendakariak konpromisoa hartu zuen aukera ezberdinak aztertzeko”, esan du Alberrok.
Alkateek, gainera, inguruko herriei PPAk egiten dien ekarpen ekonomiko “eskasean” jarri zuten arreta: “Badakigu portu jarduera bat izateagatiko konpentsazioa Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokiola ematea, baina portuak tokian-tokiko garapenean izan beharko lukeen ekarpenaz aritzeko alde bien arteko elkarlana funtsezkoa da”. Horrez gain, Alberrok adierazi zuen bizilagunen kexa asko jasotzen dituztela, soinuaren, kutsaduraren eta bestelako afekzioen ingurukoak: “Badiako herritarroi zuzenean eragiten digu azpiegitura honek, eta sinetsita gaude horrek konpentsazio bat izan behar duela eragindako herrietan”.
Aipatutako gai horiek eta beste hainbat banakako bilera batean landuko dituzte Alberrok eta Goñik: “Dagoeneko itxi dugu hitzordua hilabete honetarako, eta orduan aukera izango dugu luze eta zabal hitz egiteko Pasaiari zuzenean eta espezifikoki eragiten dioten gaien inguruan, eta bereziki Trintxerperi buruz. Garrantzitsua da udalak eta portuak harreman zuzen eta iraunkorra izatea bizilagunen mesedetan, eta lehendakariaren borondatea horren aldekoa dela iruditu zitzaigun; beraz, elkarlanerako prest”.
