'Ateak zabalduz', ikasturteak emandakoaren uzta erakusteko
Errenteria-Oreretako erretiratuen elkarteek ikasturtean egindako jardueren berri emango diete herritarrei. Honakoa, 11. ekitaldia du Ateaz Zabalduz iniziatibak.
Ateak Zabalduzen 11. ekitaldia egingo dute hilaren 12tik 16ra. Ateak Zabalduz iniziatibaren bidez, Errenteria-Oreretako erretiratuen elkarteetan egindako jardueren berri zabalduko dute hilaren 12tik 16ra. Gaur aurkeztu dute Aizpea Otaegi alkateak, Eñaut Gracia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, erretiratuen klubetako ordezkariek, eta Lagunkide-Acoge programaren ordezkariek 11. ekitaldia. Aurreko urteetan bezala, 11 ekitaldi honetarako, hamaika ekintzekin ondu dute egitaraua. Hitzaldiak, tailerrak, kalejira, Lagunkide-Acoge gunea, abesbatza emanaldia, antzerkia eta ohiko bazkaria egingo dituzte.
2013an antolatu zuten lehenengoz Ateak Zabalduz, eta urtero egin dute ordutik, pandemia urteetan izan ezik, jubilatuen elkarteek eta Errenteriako Udalak antolatuta. Pertsona erretiratuen zortzi elkarte dira gaur egun udalerrian auzo ezberdinetan banatuta, eta guztira 3.000 bazkide biltzen dira horietara. Erretiratuentzat topaleku izateko sortu ziren, eta aisialdiko jarduerak ez ezik, kulturarekin edota prebentzioarekin lotutako ekintzak ere egiten dituzte bertan.
Egitarau zabalak eta antolatutako ekitaldi guztiek udalerrian adineko pertsona oso aktiboak direla agerian uzten du Aizpea Otaegi alkatearen hitzetan, “gauza asko antolatzeko gaitasuna duten adineko pertsonak ditugu eta herriari izugarrizko ekarpena egiten diote. Horren erakusgarri da, herri honetan zortzi erretiratuen klub edukitzea, 3.000 bazkide aritzea horietan, eta datorren astekoa bezalako programazioa osatzeko duten gaitasuna”.
Bide horretatik, zoriondu egin ditu “ekiteko duten gaitasunagatik” eta lana eskertu die, “ezinbestekoa den lana da eta nabarmendu beharrekoa, ezinbestekoa baita erretiratuen elkarteetan egiten duzuen lana adineko herritarrei aro aktibo bat eskaintzeko”.
San Agustin, Beti Bizkor, Bienvenido, El Parque, Laguntasuna, Arramendipe, La Magdalena, eta San Jose elkarteetako ordezkariek aurkeztu dute ondu duten programazio zabala, (albiste bukaeran kontsulta daiteke). Antolatutako ekintzak Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan, Niessenen eta kalean bertan egingo dituzte, eta Errenteria-Oreretako erretiratuen edozein klubetako bazkide orok har dezake parte, Lagunkide-Acogeren ekintzan izan ezik, zerbitzu horren erabiltzaileentzat bakarrik baita.
Izen emateari dagokionean, interesa dutenek, euren klubetan eman beharko dute izena, baita informazio gehiago eskatu ere. Ekintza guztiak doakoak izango dira, bazkaria izan ezik.
Ateak Zabalduz egitaraua
- Hilak 12, astelehena: Errenteriako Industrializazioaren bigarren fasearen gaineko hitzaldia, Jorge Garcia Oliveira Historian lizentziadunaren eskutik, 17:00etatik 18:30era.
- Hilaren 12tik 16ra: Erakusketa Merkatuzarreko Jose Luis CAso aretoan. Asteartea eta ostegunetan 11:00etatik 13:0a astelehen, astearte eta asteazkenean 17:00etatik 19:00etara.
- Hilak 13, asteartea: Martxa nordikoko hastapen tailerra. Fanderian, 11:00etan. Ordu eta erdiko iraupena izango du, eta beharrezkoa izango da parte hartzeko martxa nordikoko bi makil eramatea. Euskal Jaia. Kalejira egingo dute 17:00etan Foru Plazatik abiatuta. Herriko kaleetan barrena ibiliko dira eta 19:00etan bukatuko da Herriko Plazan.
- Hilak 14, asteazkena: Aisialdiko jarduerak eta hamaiketakoa Lagunkide-Acogeren erabiltzaileei begira, 10:00etatik 13:00etara; erretiratuen elkarteetako abesbatzen emanaldia. Abesbatza bakoitzak bere emanaldia egingo du eta bukaeran denek batera abestuko dute. Saioa, Fatima Andre Mariaren elizan izango da, 17:00etatik 19:00etara.
- Hilak 15, osteguna: Yoga eta Risoterapia tailerra Jose Luis Caso aretoan, 11:00etatik 12:30era; Beti Bizkor elkartearen Ausardi Antzerki taldearen eskutik Maribel y la extraña familia antzezlana taularatuko dute, 19:00etan Niessen Kulturgunean.
- Hilak 16, ostirala: Bazkaria 14:00etan Merkatuzarren, musikaz girotua. Izena eman behar da aurretik erretiratuen klubetan.
