Blaitu erronka, euskaraz zipriztintzeko
Orereta Ikastolako Blaitu Klubak antolatuta, erronka egin dezakete herritar denek Euskaraldiaren harira.
Blaitu Klubak antolatu du erronka.Orereta Ikastola Bertan da Euskaraldia eta atzerako kontaketa hasita ugariak dira eragile eta elkarteek herria girotzeko eta euskara hauspotzeko ondu dituzten ekintzak. Horietako bat da Orereta Ikastolak antolatu duen Blaitu erronka. Blaitu Klubak, ikastolaren euskara taldeak ondu du herritar orori begirako ekintza, Euskaraldiari atxikimendua eman eta herritar oro ere horretara bultzatu eta animatzeko.
Parte hartzea, irekia, eta proposamena berriz, ondokoa: euskararekin lotutako herriko zazpi gunetan jarri dituzten QR kodeak aurkitu, eskaneatu, eta bertan proposatutako desafioa egitea. Azalpen bideoa ere prestatu du Orereta ikastolak (klik hemen).
Erronkan parte hartzen dutenek hilaren 19aren aurretik bidali beharko dituzte euren lanak Blaitu klubaren helbidera posta elektronikoz (klik hemen), eta guztien artean Donostiako Mitologik ihes gelarako bost lagunentzako bonua zozkatuko dute.
Euskaraldiarekin bat egitera deitu dute Orereta Ikastolako Blaitu klubeko kideek, “hamaika egunez jantzi ditzagun txapak paparrean eta busti ditzagun aho zein belarriak euskaraz. Elkar mugituz eta bustiz egingo dugu!”.
