Euskaraldiko txapak hilaren 12an hasiko dira banatzen Lezon
Goizez Kultura Aretoan jaso daitezke, eta arratsaldez Oroitzene AEKn. 14 eta 15ean mahaia jarriko dute Gurutze Santuaren plazan.
Ate joka da 2025eko Euskaraldia, laugarrena. Hilaren 15etik 25era arteko iraupena izango du. Euskararen erabilerari bultzada emateko ariketa sozial handiaren bereizgarri nabarmenenak ahobizi eta belarriprest txapak dira, eta euskarriak, nahiz Hikaldiarekin bat egin dutenek, horiek jaso behar dituzte. Lezoko Euskaraldiaren herri batzordeak txapak noiz jaso behar diren zehaztu du; izena emana dutenek har ditzakete.
Hilaren 12an hasiko dira Lezon txapen banaketarekin. Bi gune iraunkor ezarri dituzte: goizez, Kultura Aretoan hartu ahal izango dira, eta arratsaldez Oroitzene AEKn. Gainera, hilaren 14 eta 15ean mahai jarriko dute Gurutze Santuaren plazan 17:00etatik 18:00etara.
Txapen banaketaz gainera, ekitaldi sorta zabala prestatzen dihardu herri batzordeak. Azken ukituekin ari dira. Aurreratu dituzten jardueren artean Euskaraldia hasteko ekitaldiarena dago: hilaren 15eko 19:00etan, Gurutze Santuaren plazan izango da hasiera ekitaldia. Ondoren herri argazkia egingo dute.
Gainontzeko ekitaldien berri aurki emango du HITZAk.
