Albaolak San Migelgo ate berria egingo du
Iazko urrian Aralarko San Migel Santutegiak eraso bandaliko bat jasan zuen, eta Albaolak zaharberrituko du ate hori, bere ontziola museoan.
2024ko urriaren 26an, Aralarko San Migel Santutegiak eraso bandaliko bat jasan zuen, eta bertako atea erre eta markatu zuten. Eraso horren berri jakitean, Alabaola atea berreraikitzeko eskaini zen, modu guztiz altruistan. Albaolak atearen zaharberritze lanak artisau erara egingo ditu, Nafarroako Sakanako egurra erabiliz, San Juan baleontzia egiteko erabilitako egur berarekin.
Ate berria bukatuta dagoenean, erromesaldi batean eramango dute Albaolatik San Migel Santutegira, idien laguntzarekin. Ibilbide horrek, sinbolikoki, itsasoa eta mendia, oraina eta iragana, eta komunitatea eta ondarea lotuko dituela adierazi du Albaolak.
Atearen zaharberritzea Mundu Berri Baterako Ateak proiektuaren baitan kokatzen da. San Migelgo erasoa esker oneko keinu bihurtu dela nabarmendu du Albaolak, non tolerantzia, errespetua eta auzolanaren espiritua bezalako balioak aldarrikatzen dituen. “Horrela, elkarlana eta kultura, mugak gainditzen dituen etorkizun partekatu baterako ateak balira zabaltzen dira”, esan du Albaolak.
San Migel Santutegiak Albaolaren proposamena “poz handiz” onartu zuela jakinarazi du Pasaiako elkarteak. Zaharberritzea gauzatzeko, sare kolaboratibo bat sortu dela baietsi du Albaolak. Albaolako kideek beren ontziola museoan eraikiko dute ate berria, artisau moduan, teknika tradizionalak erabiliz eta publikoaren aurrean lan eginez. Virtualan enpresak dibulgazio materiala, material bisuala eta material interaktiboa garatuko ditu. Clau Creative Servicesek, berriz, prozesu osoa dokumentatuko du. Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradia ere parte aktibo bezala batu da proiektura.
“Aralarko San Migel atearen eraikuntza memoria eta konpromiso kolektiboaren ospakizuna izango da, jakintzan, tradizioan eta ondarearen errespetuan oinarrituta. Pasaiako portutik, historia berriz jaio eta gure kultur identitatearen ondaretik abiatuz etorkizuna eraikitzera gonbidatuko gaitu”, esan du Albaolak abiatuko duten proiektuaz.
