Donostiara deitu dute eskola publikoetako irakasleek
Elkarretaratzeak egin dituzte eskola publikoetan irakasleen grebari babesa adierazi eta hezkuntza publiko duina eskatzeko. Larunbatean Donostiara deitu dute; manifestazioa egingo dute 17:00etan Alderdi ederretik abiatuta.
Elkarretaratzea Cristobal Gamon iakstetxearen kanpoaldean Kalitatezko hezkuntzaren defentsan. Hezkuntza publikoan beste bost greba egun deitu dituzte lan baldintzak hobetu, eta horrenbestez, hezkuntza publikoa duintzeko. Urtea hasi denetik, bederatzi greba egun egin dituzte hezkuntza publikoko langileek, eta datorren astean, beste bost greba egun deituak dituzte irakasleek, hilaren 12tik 16ra arte.
Gaur bilduko da mahai negoziatzailea, eta hari begira da hezkuntza publikoaren komunitatea, izan ere, mahai horretan gertatzen denak zehaztuko baitu grebarekin aurrera egingo duten irakasleek, edota akordiora helduta bertan behera uzten duten.
Testuinguru horretan, mobilizazio betean ari dira ikastetxe publikoak eta horietako hezkuntza komunitateak, baita Errenteria-Oreretakoak ere. Salatu egin dute sindikatuak, familiak zein irakasleak ere, komunikabideen bidez jakin dutela gaur mahai negoziatzailea izango dela, “Eusko Jaurlaritzak proposatutako negoziazio egutegia ere ez du bete behin eta berriz gehiengo sindikalak nabarmendu duen bezala”. Positiboki baloratu dute mahai negoziatzailea deitu izana, baina gaur arte “ziurgabetasun egoera” luzatu izana “ulergaitza” zaiela adierazi dute, “familia, ikasle, zein irakasleoi honek suposatzen digun guztiarekin. Are gehiago, negoziazio mahaia deitzeko hilabete baino gehiago izan duenean”.
Hezkuntza sailak orain arte izan dituen aukerak ez aprobetxatu izana egotzi diote, halaber: “benetako akordio emankorrak erdiesteko baldintzarik gabe jarraitzen dugu, eta proposamen arduratsurik gabe”.
Greba zikloaren helburuaz ere mintzo dira irakasleak; kalitatezko hezkuntza sistema jarri dute erdi-erdian. Horretarako, baliabide gehiago, “inprobisazio” gutxiago eta bulego batetik harago, egunero gelan diharduten profesionalen beharrak entzutea galdegin dute: “Oso kezkatuta gaude eta denbora asko daramagu hezkuntza sailak betetzen ez dituen hutsuneak nekez estaltzen. Ikasleak erdigunean nahi ditugu, haien beharrei erantzuteko baliabide nahikoekin”. Une honetan egoera horretatik “urrun” daudela esan dute, “baldintza egokirik ez baitago”.
Ingurumari horretan “ziurgabetasun” egoera bizi dutela salatu dute eta mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute. lehenengo hitzordua Donostian jarri dute larunbatean, hilak 10. Manifestazioa egingo dute alderdi Ederretik abiatuta 17:00etan eta ikasle, eta familiak bat egietra deitu dituzte. Atxikimendua emateko galdetegia ere zabaldu dute, eta horrekin bat egiteko deia zabaldu. Bat egiteko klikatu hemen.
Gaurko mahai negoziatzaileari begira eskaera zehatza egin diote irakasleek Eusko Jaurlaritzari, “sindikatuekin benetako negoziazio zintzoa eta emankorra egin dezan”. Argi dute baliabideak handitzeak, lan baldintzak hobetzea ekarriko duela halabeharrez, “eta horrek guztiak, hezkuntza publikoaren kalitateari bete-betean eragingo dio”.
Larunbateko mobilizaziora joateko, zita egin dute irakasle, ikasle eta familiek 16:40an Kursalean.
Elkarretaratzeak ikastetxe kanpoaldean
Larunbateko manifestazioa eta datorren asteko bost eguneko greba zikloa ez dira egingo dituzten mobilizazio bakarrak. Udalerriko ikastetxe publikoetako batzuen kanpoaldean elkarretaratzeak egin dituzte aste honetan kalitatezko eskola publikoa aldarrikatzeko. Hala egin dute Koldo Mitxelena herri ikastetxean, Cristobal Gamon herri ikastetxean, Bizarain ikastolan eta Koldo Mitxelena BHIko hezkuntza komunitateek. Argazkiak beraiek bidali dituzte HITZAra.
- Kalitatezko Hezkuntza publikoaren alde elkarretaratzeak egin dituzte, Cristobal Gamon, Bizarain, Koldo Mitxelena BHI eta Koldo Mitxelena herri ikastetxeetan.





