Pasaia, etxebizitza eremu tentsionatu izateko bidean
Eskaera aurkezteko beharrezkoa den diagnostikoa egina du jada Pasaiako Udalak, eta ekintza plana osatzen ari da orain.
Pasaia etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeko lehen urratsa egin du Pasaiako Udalak. Etxebizitza Eskubideari buruzko maiatzaren 24ko 12/2023 Legeak bidea zabaldu du hainbat udalerri Tentsio Handiko Bizitegi Eremu (THBE) izendatzeko. Lege horrek zehazten dituen baldintzak betetzen dituzten udalerriek THBE izendapena eskatu ahal izango dute. Izendapen hori lortuz gero, etxebizitza merkatuan eragiteko zenbait neurri hartu ahal izango dituzte udalerri horietako udalek.
2023ko irailaren 26ko osoko bilkuran STOP Kaleratzeak taldearen mozioa eztabaidatu zuten udal ordezkari politikoek. Mozio horrek Pasaiako Udalak herria THBE izendatzeko eskaera aurkez zezan galdegiten zuela gogorarazi du udalak. Testu hori onartua izan zen EH Bildu, Podemos eta PSE-EEren aldeko botoekin.
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak 2023ko abenduan argitaratutako txostenaren arabera, THBE izendatzeko baldintzak betetzen ditu Pasaiak. Aurtengo maiatzean, gainera, txosten eguneratua aurkeztu da, eta eguneraketa horrek Pasaiaren egoera larriagoa dela islatzen duela nabarmendu du udal erakundeak. Izendapena lortzeko prozedura formala abiatzeko, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailari bi dokumentu igorri behar zaizkiola zehaztu du udalak: etxebizitzari buruzko diagnostiko bat eta hautemandako desorekak zuzentzeko inplementatuko diren neurri zehatzen ekintza plan bat.
Udalerriko diagnostikoa dagoeneko egina duela jakinarazi du udalak, eta momentu honetan legeak eskatzen duen hiru urteko ekintza plana garatzen ari da. Datu demografikoek, sozioekonomikoek eta etxebizitzaren erabilera datuek erakutsi dute Pasaiako etxebizitza parkea azken urteetan presio handia jasaten ari dela. Udalak baietsi du etxebizitza eskaria oso handia dela, bereziki alokairuarena.
Izendapena lortzeko irizpideak
Udalerri batek THBE izendapena lortzeko, bi irizpide bete behar dituela adierazi du udalak: etxebizitza prezioen hazkundea KPIaren hazkundea baino hiru puntu handiagoa izatea azken bost urteetan; eta etxebizitza gastuek (hipoteka edo alokairua eta oinarrizko gastuak) diru sarreren %30 gainditzea.
Udalak jakinarazi du nahiko dela bi irizpideetako bat betetzea tentsio eremu izendatzeko. Pasaiak bigarren irizpidea betetzen duela nabarmendu du udalak, hortaz, legearen arabera izendapena jaso dezake. Halaber, 2025eko txosten eguneratuak dio Pasaia dela bigarren irizpide hori betetzen duen Gipuzkoako udalerri bakarra.
2021eko datuei erreparatuta, Pasaiako alokairu errentaren batez besteko prezioa 700 eurokoa izan zen. Horrek urteko 8.400 euro inguruko gastua suposatu zien pasaitarrei. Bestalde, urte bereko etxebizitza gastuak (ura, elektrizitatea, gasa edota telefonoa) hilabetean 260 eurokoak izan ziren; hau da, urtean 3.110 euro.
Gastu horien batuketa eginda, gastu horiei aurre egiteko batez besteko urteko kostua 11.653 eurokoa izan zen Pasaian, familia errentaren %40. Barruti guztietako familien esfortzu mailak, gainera %30a gainditzen duela zehaztu du udalak: Antxo %35, Donibane %33, San Pedro %34 eta Trintxerpe %37.
Baldintza horrek soilik familia eredu tradizionalarena hartzen du kontuan. Emakumeak familia errentaren hartzaile nagusiak diren kasuetan alokairu errentara eta hornidura gastuetara bideratutako ahalegin ekonomikoa %42koa da, zehaztutako irizpidearen oso gainetik. Horrez gain, udalak nabarmendu du irizpideak ez duela aintzat hartzen bakarrik bizitzera behartura dauden pertsonen kasuistika. Kasu horietan, pertsona bakar batek bere diru sarreren %71 bideratu behar du etxebizitza gastuetara batez beste.
“Egoeraren larritasunaz jabetuta”, Pasaiako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailak abiatu ditu jada THBE deklarazioa eskatzeko prozedurak. Honakoa esan du Iraitz Pazos Etxebizitza zinegotziak gaiaren inguruan: “Deklarazioaren helburua da maizterrak babestea eta alokairuko etxebizitzarako sarbide eskuragarria bermatzea Pasaian, eskaera handia eta eskaintza eskasia dagoenez”.
Eskaera aurkezteko beharrezkoa den diagnostikoa egina dago, eta ekintza plana osatzen ari da udala. 2024ko azaroaren 7an Teo Alberrok Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasorekin egindako bileran, alkateak iragarri zuen uda baino lehen gainontzeko alderdiekin plana landu, adostu eta udalbatzak deklaraziorako eskaera egitea proposatuko zuela.
