Don Boscoko irakasleak hezkuntza publikoaren alde elkarretaratu dira
Greba deialdia dute egina datorren aste osorako ikastetxe publikoetako irakasleek hezkuntza publiko duina eskatzeko. Don Boscoko irakasleak kalera atera dira gaur, aste honetan udalerriko beste ikastetxeetako hezkuntza komunitateek egin moduan grebarekin bat egiteko.

Hezkuntza publikoan beste bost greba egun deitu dituzte lan baldintzak hobetu, eta horrenbestez, hezkuntza publikoa duintzeko. Urtea hasi denetik, bederatzi greba egun egin dituzte hezkuntza publikoko langileek, eta datorren astean, beste bost greba egun deituak dituzte irakasleek, hilaren 12tik 16ra arte.
Atzo bildu zen mahai negoziatzailea eta ez zuten akordiorik lortu. Gaur berriro bildu dira, eta hari begira da hezkuntza publikoaren komunitatea, izan ere, mahai horretan gertatzen denak zehaztuko baitu grebarekin aurrera egingo duten irakasleek, edota akordiora helduta bertan behera uzten duten.
Testuinguru horretan, mobilizazio betean ari dira ikastetxe publikoak eta horietako hezkuntza komunitateak, baita Errenteria-Oreretakoak ere. Astean zehar, Koldo Mitxelena herri ikastetxeak eta BHIk, Cristobal Gamon, eta Bizarain ikastetxeek egin bezala, elkarretaratzea egin dute Don Bosco Lanbide Heziketa Institutuko irakasleek hezkuntza publikoaren alde. Kaputxinoak auzo sarrerako biribilgunean elkartu dira lehenik, eta ikastetxearen aurrean ondoren.

Elkarretaratzea egin dute Don Boscoko irakasleek hezkuntza publikoaren alde.