Kanpitxoko ur biltegitik Larrabide baserrira doan bidea egonkortzen hasi dira
Iaz lur jausi batzuk izan ziren eremu horretan, eta zonaldea egonkortzen hasi dira orain. Bidea itxita egongo da ibilgailuentzat obrek irauten duten denboran, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 17:00etara.

San Pedron, Arrandegi goian, Kanpitxoko ur biltegitik Larrabide baserrira doan bidean egonkortze lanak hasi ditu Pasaiako Udalak. Eremu horretan lur jausi batzuk izan ziren iaz, eta behin-behineko segurtasun neurriak ezarri baziren ere, pibote islatzaile batzuk jarri baitziren, eremua egonkortzen hasi dira orain. Gertatutakoa ikertu eta konponbide tekniko egokiena bilatzeko helburuarekin, udalak estudio geotekniko bat egin du, eta jasotako informazio eta neurriekin hasi dituzte egonkortze lanak.
Bide horren hasieran hesiak jarri ditu udalak, eta bidea itxita egongo da ibilgailuentzat astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 17:00etara. Jarduketak egiten ari diren bidea oso estua dela adierazi du udalak, eta ordu tarte horietan makinaria handiarekin egingo dute lan. Obrek hiru aste inguruko iraupena izatea aurreikusi du udal erakundeak, eta 32.553,17 euroko inbertsioa egingo da eremu horretan.