Artzain eta inudeengatik, trafikoan aldaketak Trintxerpen
Desfilea bitartean trafiko mozketak izango dira Trintxerpe erdialdeko kaleetan. Autobus publikoetan ere eragina izango du jarduerak.

Igandean, hilaren 10ean, artzain eta inudeen desfilea egingo dute Trintxerpen Illunbe Musika Elkarteak antolatuta, eta Pasaiako Udalaren babespean. 12:00etan hasiko da segizioa Juanje Neira Musika Eskolatik, eta barrutiko kale zentrikoenak zeharkatuko ditu bi orduz: Urgull kalea, Oiartzun kalea, Ulia etorbidea, Azkuene kalea, Euskadi etorbidea eta Gudari plaza zapalduko ditu desfileak. Horregatik, tartekako trafiko mozketak izango dira kale horietan.
Bestalde, autobus publikoetan ere eragina izango du desfileak: 12:00etatik 14:00etara bitarte, E07, E08 eta E09 autobusak Escalerillaseko geltokian geldituko dira, hori izango baita azken geltokia. “Hala ere, ordutegi hau orientagarria da eta autobus zerbitzuaren ohiko ibilbide eta ordutegiak lehenbailehen berreskuratzen saiatuko dira”, esan dute udaletik.
Informazio gehiago behar izanez gero, Udaltzaingora dei daiteke: 943 00 43 00.