Antzerkia eta hitano kahoota Euskaraldia abiatzeko
Gaur arratsaldean abiatuko dute Euskaraldia Errenteria-Oreretan eta 11 egunez hamaika ekitaldiz osatutako egitarau zabalaz gozatzea izango da, euskaraz.
Hamaika egunez euskaraz aritzeko ariketa masiboa gaur arratsaldean abiatuko dute Errenteria-Oreretan kale antzerkiarekin. Eraitsi SL, emanaldia izango da Agirre Lehendakariaren plazan 18:00etan hasita. Kahoot Euskaraz hitanoarekin jolasten irekia ere egingo dute. Lekuona Fabrikan izango da hori, 18:30ean.
Kahoot txapelketa udalak antolatu du eta hainbat azalpen eman. Astelehenetik ostiralera, hilaren 19tik 23ra, 12:00etatik aurrera orduero Lekuona Fabrikako beheko solairuan lehiaketa egingo da. Hitanoari buruzko 12 galdera izango dira egunez egun erantzun beharrekoak, “praktikatzea oso baliogarria izango da maiatzaren 23an egingo duten final handirako”.
Finalean, Kahootak 20 galdera izango ditu, aurreko egunetan egindako galderekin osatuta. Hilaren 23ko lehiaketaren irabazleak Udal Liburutegiak emandako saria eskuratuko du.
Aurretik 11 egun dituzte herritarrek euskara bizitzaren esparru guztietara eraman eta presentzia zein erabilera areagotzeko. Ahobizi edo belarriprest, belarriprest edo ahobizi 11 egun hauek hamaika bilakatu eta euskaraz bizitzeko zein euskara bizitzeko aukera paregabeari lotzeko gonbita egin dute Euskaraldiaren herri batzordetik.
Euskaraldiaren egitaraua
- Gaur, osteguna: Kale antzerkia Eraitsi SL, Agirre Lehendakariaren plazan 18:00etan hasita.
- Hilak 15, 16, 19,23: Kahoot Euskaraz hitanoarekin jolasten irekia. Lekuona Fabrikan, 18:30ean.
- Hilak 17, larunbata: Muxikoak eta mintzopotea Arkaitzan 12:00etan; Bakarrizketa: puta baten bakarrizketa eroetxean Xenpelar etxean, 19:30ean. Sarrerak doan (klik hemen).
- Hilak 18, igandea: Euskara eta eskubaloi jolasak. Irekia. Ereintza elkarteak antolatuta. Gernika Plazan, 10:30etik 12:30era.
- Hilak 19, astelehena: Ipuinak sortzeko tailerra. Irekia. Herri Arte Eskolak antolatuta. Lekuona Fabrikako Plaza Txikian, 18:00etan hasita; Ombuaren itzala, Niessen zinemetan 19:30ean. OzZinemak antolatuta. Sarrerak doan (klik hemen).
- Hilaren 22an, osteguna: Musikaste: Juan Mari Beltran Argiñenaren doinuak. Irekia. Eresbilek antolatuta. Lekuona Fabrikan, 18:30ean.
- Hilaren 23an, ostiralean: Bertso erakustaldia: Ikasturte bukaerako jaia, Herriko Plazan, 17:00etan; Bakarrizketa: Oihan Vega, Limerick tabernan 20:00etan; Bertso afaria, Alkartasuna elkartean 21:00etan. Txartelak: Lau Haizetara, Merkatuzar eta Arkaitza.
- Hilak 24, larunbata: Kaleko jolasak, parte hartze tailerra, eta txirrindularitza zirkuitua. Irekia. Kromosoma tailerrak eta Laguntasuna elkarteak antolatuta. Agirre Lehendakariaren plazan, 11:00etatik 13:00etara.
- Hilak 25, igandea: Haurrentzako marrazki lehiaketa, Alabergako jai batzordeak antolatuta. Alabergan 11:00etatik 13:30era.
- Hilak 29, osteguna: Etorri berrien hizkuntza harrerari buruzko solasaldi irekia, Joxepa Antoni Aranberri anitzenean 18:30ean hasita.
