Jolasean jardunaldiak antolatu ditu bigarrenez, Kroma Elkarteak
Jolasaren eta artisau jostailuaren inguruko jardunaldia da, eta horren bueltan egitarau zabala ondu du Kroma elkarteak hilaren 19tik 25era.
Gartzia, Monroy eta Diaz de Isla.Izaro Perez Loperena Jolasean, jolasaren eta artisau jostailuaren jardunaldia antolatu du bigarrenez Kroma Elkarteak. Horren barruan, hilaren 19tik 25era jokoaren eta artisautzaren gaineko doako jarduerez betetako programazioa ondu du elkarte horrek. Alberto Monroy eta Eva Diaz de Isla Kroma Artisau Elkarteko kideak, eta Maite Gartzia Kultura zinegotziak agerraldia egin dute gaur goizean jardunaldiaren gaineko xehetasunak emateko.
Jardunaldiaren helburua artisautzaren eta herritarren arteko topagunea sortzea eta artisautza jokoen tradizioa eta horien gizarte eta hezkuntza balioa sustatzea dela azaldu dute Monroyk eta Diaz de Islak, “xede horrekin sortu genuen Kroma Elkartea, artisautza herritarrei hurbiltzeko eta artisautzaren sektoreko elkarte eta profesionalen arteko lankidetza indartzeko”.
Jardunaldiaren barruan, astebetez tailerrak, eskulan eta mahai joko saioak, eta solasaldi bat antolatu dute Merkatuzarren, Lekuona Fabrikan eta Agirre Lehendakariaren plazan.
Erakusketa interaktiboak zabalduko du jardunaldia. Merkatuzarren kokatuta,hilaren 19tik 25era kaleko jolasak eta artisau jostailuak egongo dira ikusgai, tartean Kroma Elkarteak azken hamar urtean sortu dituenak, eta horiek probatu eta haiekin jolasteko aukera izango da. Halaber, Emaus Fundazioaren Maleta Nomadak programaren emaitzak eta Mestiza elkartearen Istorioak eta gehiago jokoaren bidez proiektua ere eramango ditu Kromak erakusketara. Erakusketa astelehenetik ostiralera izango da zabalik 17:00etatik 19:30era.
Solasaldiak hartuko du lekukoa hilaren 20an, asteartearekin, Jolas tradizionalei buruzko proiektu inklusiboak lelopean, lekuona Fabrikan izango da hori, 18:00etan. Jolas tradizionalek inklusiorako zubi lana egin duten esperientziak eta proiektuak partekatuko dituzte hainbat elkartek solasaldi horretan, eta lankidetza, sormena eta aukera berdintasuna bezalako balioak sustatzaile izaera jarriko dute mahai gainean Abarka GKE Atlas elkartea, udal ludotekak, Gurutze Gorria Gazteria Errenteria, Proclade Yanapay, Txispum, Emaus, eta Kroma elkarteko ordezkariek hartuko dute parte solasaldi horretan jolas tradizionalek gizarteratzean duten garrantziari buruz hitz egiten. “Jolasa, gizarte trebetasunak garatzeko, zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboak integratu, eta kultura aniztasuna sustatzeko funtsezko tresna izan daitekeela aztertuko dugu”, azaldu dute Kromako bi kideek.
Munduko jolasak saioa egingo dute, berriz, hilaren 23an Merkatuzarren 17:00etatik 19:30era. Publikoz abalari begirako joko esperientzia dela azaldu dute. Adin tarte guztietako pertsonek munduko eta gaur egungo hainbat jokoz gozatzeko aukera izango dutela espazio horretan zehaztu dute antolatzaileek, “parte hartzaileen arteko interakzioa sustatzea, dibertimendu partekatua bultzatzea, eta betiko jokoen esentzia berpiztea giro lasaian”. Saioa Proclade Yanapai elkarteak dinamizatuko du.
Kale ekintzak
Kale ekintzarako tartea ere hartu du elkarteak egitarauaren barruan. Hilaren 24an izango da Agirre Lehendakariaren plazan 11:00etatik 13:00etara. Horren barruan Euskaraldiak dinamizatuta poltsak pintatzeko tailerra egingo dute, baita txirrindularitza zirkuitua ere Laguntasuna elkarteak dinamizatua. Azken hori, 2 eta 6 urte arteko haurrei begirakoa izango da.
Kale ekintzen azken osagaia kaleko jolasak izango dira. Kromak antolatuta zurezko jolasak probatzeko aukera izango du publiko zabalak.
Mahai jokoen zaleentzako saioa ondu dute hilaren 25ean Merkatuzarren, 11;30etik 13:30era. Hainbat mekanika eta estrategia aztertuko dituzte, joko klasikoetatik proposamen berritzailearenera, “pentsamendu estrategikoa, erabakiak hartzea eta talde lana bultzatzea bilatzen du, adien guztietarako esperientzia ludiko aberasgarria eskainiz”. Atlas elkarteak dinamizatuko du azken hori.
Lantegi hitzartuak egingo dituzte ere jardunaldiaren barruan, hilaren 19tik 23ra bitartean eta dagoeneko izen emate ugari izan badituzte ere, oraindik ere laku batzuk libre badirela zehaztu du Diaz de Islak. Eragile soziokulturalei begirakoak dira saio horiek eta izena eman behar da parte hartzeko (klik hemen). Artisautzako ebste elkarte eta profesionalek egurrezko jostailuen eta jolas tradizionalen munduan murgiltzeko aukera izan dezaten antolatu du Kromak lantegi sorta; goizez zeina arratsaldez egin ahalko dira, Merkatuzarren, eta ordu eta erdiko iraupena izango dute.
Gartziak eskerrak eman dizkie Kroma Elkarteko bi kideei antolatutako jardunaldiaren bidez artisautza eta herritarren arteko topaketa eta sarea sortuko dutelako, “herria aberasten du eta herritar guztiak animatu nahi ditugu parte hartzera”.
Ondoko bideoa Imanol Saiz Gomez de Segurak egina da.
