80 profesional baino gehiago Oarsoaldeko Inklusio Topaketan
Hilaren 20an sartuko da indarrean Espainiako Kongresuak onartutako Atzerritarren Legea. Horri begira, eta gaiarekin harremana duten eragile eta profesionalei informazioa eta xehetasunak eman asmoz, Oarsoaldeko Inklusio Topaketak egin dituzte gaur.
Gaurko topaketaren irudi bat.Oarsoaldea Garapen Agentzia Hilaren 20an sartuko da indarrean Espainiako Kongresuak onartutako Atzerritarren Legea. Horri begira, eta gaiarekin harremana duten eragile eta profesionalei informazioa eta xehetasunak eman asmoz, Oarsoaldeko Inklusio Topaketak egin dituzte gaur (hilak 15, osteguna) Oarsolan Enplegurako eta Inklusiorako Berrikuntza Zentroan. 80 profesional baino gehiago bildu dira, gizarte-erakundeetako, prestakuntza-zentroetako, enplegu-zerbitzuetako eta administrazioetako kideak gehienak.
Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeriako abokatuak gidatu du saioa. Erreformaren berritasun nagusiak azaldu ditu, hala nola erregularizaziorako baldintzak malgutzea, jatorriko kontratazioa arintzea eta bizileku eta lan baimenen aldaketak. “Gainera, araudi berriak migratzaileentzat, enpresentzat eta gizarte eragileentzat planteatzen dituen aukerak, kontraesanak eta balizko erronkak nabarmendu dira”, azaldu du Oarsoalda Garapen Agentziatik.
Topaketan izan direnek esperientziak trukatu eta zalantzak argitu ahal izan dituzte, eta nabarmendu oso garrantzitsua dela profesionalak prestatzea eta ahaleginak koordinatzea inklusioa erraztuko duen legearen aplikazio eraginkorra bermatzeko. “Parte hartze handiak inklusioari buruzko dibulgazio eta hausnarketa espazio praktikoen beharra berresten du. Jardunaldi hauek profesionalentzat eta enpresentzat tresna baliagarriak izan daitezen lan egiten jarraituko dugu”, azaldu du Oarsolaneko arduradun Patxi Arrazolak.
Gisa horretako lehen topaketa izan da gaurkoa. Baina ez azkena. Izan ere aurrerago Aniztasuna eta inklusioa, 50 urtetik gorako pertsonen enplegagarritasuna, eta Enpresek gizarteratze prozesuetan duten garrantzia gai izanda topaketa gehiago egingo dituzte.
