Arartekora jo du Eguzkik udalak informazio eskubidea "urratzen" duelakoan
Bi kexa aurkeztu dituela jakinarazi du talde ekologistak, txorien talka ekiditearekin lotutakoa bata, Pontikako errekaren gainekoa, bestea.
Iztietako zubi berria. Eguzki Eguzki talde ekologistak jakinarazi du bi kexa aurkeztu dituela Arartekoarenean, Errenteriako Udalak ingurumenari buruzko informazio eskubidea “urratzen” duelakoan. Bi kexa horietako bat, txorien talka ekiditearekin lotuta dago, eta bestea, Pontikako errekarekin.
Eguzkik azaldu duenaren arabera aurtengo urtarrilaren 21ean Errenteriako Udal erregistroan idatzia aurkeztu zuen altzate eta Iztieta auzoa lotzen dituen zubi berrian txoriak talka egin ez dezaten neurriak hartzea eskatzeko, eta beste idatzi bat martxoaren 18an Pontikako errekan egin behar zen obraren gaineko informazioa eskatuz. Legeak ezarritako epeak “gainditu” direla eta udalak ez diela erantzunik eman gaineratu du prentsa oharrean Eguzkik eta horregatik erabaki dutela kexa aurkeztea Arartekora jota, “uste baitugu ingurumen informazio eskubidearen urraketa izan daitekeela”.
Araratekoak ere horrela ulertu duela dio Eguzkik, “espediente bat zabaldu baitu bi kexak batuz. Arartekoak bere lana bukatu arte ez dugu jakingo emaitza, baina besteetan gertatu moduan honakoan ere informazioa lortuko dugun itxaropen osoa dugu. Horrela gertatzen bada, udalak informazio eskubidearekiko duen jarrera aldatu behar luke”.
