Barandiaran parkearen bigarren fasea, irailean
Obren bigarren fasea kontratatzeko espedientea hasi du udalak.
Barandiaran parkea eraikitzeko bigarren fasea irailean hasiko da eta Errenteriako Udalak obren bigarren fasea kontratatzeko espedientea hasi duela jakinarazi du, lehen fasea bukatuta. Bigarren fase honetan parkearen urbanizazio obra osoa landuko da, eta horretarako ia 2,3 milioi euroko aurrekontua izango da. 2026 urte bukaerarako lanak amaituta izatea aurreikusi du udalak.
Bigarren fasean aurreikusitako urbanizazio lanak bukatuta, hirugarren faseari ekingo dio udalak. Parkeko zuhaixkak eta zuhaitz espezieak landatuko dituzte eta jolasak eta ekipamenduak instalatuko ditu. Aurreikuspenen arabera, 2027 urtearen erdialderako bukatuta egongo da Barandiaran parkea.
2024ko irailean hasi zituen udalak Barandiaran parkearen lanak. Lehen fase horretan, parkea definitzeko eta errekaren ibilgua berreskuratzeko beharrezko lur mugimenduak egin dira, eta, aldi berean, lurzoruen deskontaminazioaren jarraipena egin da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ezarritako jarraibideen arabera.
Halaber, ingurumen irizpideak eta parametro hidraulikoak landu dira URA Agentziarekin: “Irizpide eta parametro horiei esker, Pekin errekastoaren ibilgua urez hornitu ahal izango da, eta ubidea berreskuratu egingo da, eremua berroneratuz”.
Lehen faserako 1.595.436,46 euroko inbertsioa egin du udalak, eta hasieran aurreikusitako 10 hilabeteko epea baino lehen bukatu dira lanak.
Udalak gogorarazi du Barandiaran parkea 2023-2027 Agintaldi Planaren barruan dagoen proiektua dela, “bizilagunek 12.000 m²-tik gorako hiri gune berdea izatea ahalbidetuko du”.
