Emakumeen Itzuliak trafiko aldaketak eragingo ditu Donibanen eta Antxon
Txirrindularitza probaren hirugarren etapa Pasaiara iritsiko da igande goizean. Horrek trafiko aldaketak sortuko ditu aipatutako bi barrutietan.
Gaurtik igandera bitartean, Itzulia Women txirrindularitza lasterketa lehiatuko da. Proba horren hirugarren etapa Donostian hasi eta bukatuko da, eta tropelak Donostiako Klasikoaren antzeko ibilbidea osatu beharko du. Hori dela eta, igandeko etapa Oarso-Bidasoko errepideetara iritsiko da, eta Pasaiari dagokionez, trafiko aldaketak eragingo ditu Donibanen eta Antxon.
Donibaneko irteera itxita egongo da 10:15etik 11:30era, lasterketa Jaizkibelera igoko baita Lezo eta Donibaneko aldetik. Horrez gain, Jaizkibelerako sarbidea itxita egongo da trafikoarentzat. Era berean, Antxotik Nafarroa etorbidera irteteko bidea itxita egongo da 11:15etik 12:30era. Denbora tarte horretan Antxotik atera nahi dutenei Oarso kaleko zubia erabiltzea gomendatu die udalak.
Adierazitako ordutegiak gutxi gorabeherakoak direla nabarmendu du udalak, horiek aldatu baitaitezke probaren garapenaren arabera. Informazio gehiagorako, Udaltzaingoaren telefono zenbakia ahalbidetu du udal erakundeak: 943 00 43 00.
