Pasai Donibaneko Musika Jardunaldiek hiru emanaldi jasoko dituzte
Itsas Mendi Elkarteak antolatuta, musika zikloaren XXXV. ekitaldia hilaren 17tik 23ra bitartean izango da, San Juan Bataiatzailearen parrokian.
Hilaren 17tik 23ra bitartean, Itsas Mendi Elkarteak antolatutako Pasai Donibaneko Musika Jardunaldien XXXV. ekitaldia ospatuko da San Juan Bataiatzailearen parrokian. XXXV. edizioak hiru emanaldi izango ditu, eta doakoak izango dira denak. Musika zikloaren aurkezpena Donibaneko elizaren parean egin da, eta bertan izan dira Aintzane Taberna Donibaneko alkateordea, Aitor Brion Kultura zinegotzia eta Gorka Miranda Pasaia Musikaleko zuzendaria. Egitaraua aurkeztu aurretik, Itsas Mendiko Kepa Seinek urte hauetan guztietan egin duen lana goraipatu eta balioan jarri dute udal ordezkariek.
Pasai Donibaneko Musika Jardunaldien lehen ekitaldia bihar (larunbata) izango da. Hodeiertz abesbatzak kontzertua eskainiko du San Juan Bataiatzailearen parrokian, 20:00etan. Hilaren 18an, Mugarik Gabeko Txuntxuneroen txanda izango da. 10:00etan kale buelta egingo dute barrutiko kaleetan barrena, eta 13:00ak aldera kontzertua egingo dute Herriko plazan. Hirugarren eta azken emanaldia hilaren 23an izango da. Easo gizon abesbatzak kontzertua eskainiko du San Juan Bataiatzailearen parrokian, 20:00etan.
Honakoa adierazi du Aitor Brion Kultura zinegotziak: “Udal gobernuaren borondatea da urtean zehar barruti guztietan garatzen diren kultur egitasmoak, modu batean ala bestean, babestea. Donibaneko programazioak azken 30 urteetan eskaini duen kalitatea ukaezina da”.
Gorka Miranda Pasaia Musikaleko zuzendariak tokiko musikarekiko duten konpromisoa berretsi du: “Musika pasaitarren arteko senidetasunaren adierazle da, eta Pasaia Musikal udalerriko musikari guztien etxea. Eskolak ez du inolako tutoretzarik hartu nahi barrutietako musika emanaldien gainean, bide lagun modura jardun nahi du”.
Brionek eta Mirandak bat egin dute Donibanekoa bezalako iniziatibak “etorkizuneko musikari belaunaldientzako hazia” direla: “Aurrerantzean ere Pasaiako musika bikaintasuna berresteko kalitatezko zikloak aktiboki bultzatzen eta babesten jarraituko dugu”.
