Aiako Harriko natura parkearen eguna ekainaren 1ean izango da
Natura parkearen garrantzia aitortzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Oiartzungo Udalak antolatu dute egun hori.
Aiako Harria natura parkeko gaur egungo paisaia, bereziki, hiru giza jarduerek itxuratu dute: abeltzaintzak, basolanak eta meatzaritzak. Esan daiteke, hortaz, Aiako Harriko gaurko ekosistemak hiru jardun horiek moldatutakoak direla, mendiko larreak edota zuhaitz lepatuak ez direlako berezkoak, gizakiak sortutakoak baizik. Horretaz gain, Aiako Harriko natura parkea aisia leku ere bada bizilagun askorentzat, eta hain zuzen, natura parkearen garrantzia aitortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Aiako Harriko natura parkearen eguna antolatu du ekainaren 1ean, Oiartzungo Udalaren laguntzarekin.
Ekimen horren helburua “natura parkeko ondarea ezagutzera ematea eta hartaz gozatzeko era asko daudela iradokitzea” dela zehaztu dute antolatzaileek, eta, gehitu, ekainaren 1a ez dela halabeharrez aukeratutako data bat: “Artzainak mendiko larreetan dauden sasoia lehenesteaz gain, Europa mailako bi ospakizun aintzat hartu dira: hilaren 21a, Natura 2000 eguna, eta hilaren 24a, Europako natura parkeen eguna“. Ospakizuna, zehazki, Aritxulegin izango da.
Jai eguna goizeko hamar eta erdietan hasiko da, eta parte hartzaileek bertako artaldea ikusi ondoren, aditu batek natura parkean betetzen duen eginkizuna azalduko die. Jarraian, basozain batek Basabizin –Aldundiak Gipuzkoako basa fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroa– artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko du. Zentroaren eta askatutako hegaztiaren inguruko argibide batzuk ere emango dituzte ekitaldian.
Baina, erakusketak ez dira hor amaituko, euskal makila borroka joko erakustaldia eta Et Incarnatus taldeeak Menditik itsasoraino dantzan emanaldia egingo baitu Migel Zeberioren zuzendaritzapean. Emanaldia amaituta, gazta dastaketa eta salmenta izango dela nabarmendu dute, eta gogorazi edalontzia norberak eraman beharko duela etxetik.
Doako autobusak Aritxulegira joateko
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ezin izango da egun horretan “arrazoi justifikaturik gabe” Aritxulegira autoz joan, Pagoaldea poligonoan etengo baitute errepidea. Alabaina, aldundiak doako autobusa jarriko du Oiartzungo Aritxulegira joateko. Karla Lekuona futbol zelaiaren paretik aterako da autobusa 10:00etan, eta poligonoan egingo du geldialdia jendea jasotzeko.
Izena eman behar da autobus zerbitzua erabiltzeko 94349 42 48 edo 688 89 50 68 zenbakietara deituta zein mezu bat idatzita.
Haatik, bidea oinez eta taldean (Gipuzkoako Parketxe Sareko ingurumen hezitzaileen gidaritzapean) egin nahi dutenak Arditurriko parketxean elkartuko dira 09:00etan, eta ordu eta erdi inguruko bidea egingo dute. Mendian ibiltzen ohituta egotea eta ura zein oinetako aproposak eramatea gomendatu dute. Azkenik, gehitu dute txakurrik ezingo dela eraman. Taldeko ibilbidea egiteko ere izena eman behar da.
