Elorsoroko partidara herritarrak gerturatzeko deia egin du Miren Tabernak
Tolosako Teep Tolosala taldearen aurka 'playoff'etako finalerditako partida jokatuko du Miren Tabernak ostiralean –hilak 23–.
Areto futboleko Gipuzkoako bigarren mailan Miren Taberna OKE taldeak 3 – 7 irabazi zion Pio Baroja kiroldegian Benetazkori. Partidaren hasieratik nagusitu ziren oiartzuarrak, eta atsedenera 0-4 emaitzarekin iritsi ziren.
Partidaren bigarren zatia ere antzekoa izan zen, baina Benetazkok ere sartu zituen golak. Alabaina, oiartzuarrak izan ziren nagusi norgehiagokan. Azken partida horrekin Miren Tabernak hamar partida irabazi ditu jarraian, eta gaur gaurkoz sailkapeneko bigarren postuan dago 57 punturekin; lehen postuan Janrablue Futsal KK taldea dago, 66 punturekin.
Hala ere, ez da denboraldia amaitu oraindik, eta ostiralean –hilak 23– Tolosako Teep Tolosala taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak 20:00etan, Elorsoron. Partidu gogorra izango dela aurreikusi dute, eta playoffetako finalerdietarako partidara herritarrak joateko deia egin dute, garaipena lortu behar baitute Gipuzkoako lehen mailara igotzeko azken pausua emateko.
