Jaietako feria guneetako musika nerabeek aukeratuko dute
Udalak 12 eta 16 urte bitarteko gazteei begirako prozesu bat abiatu du, jaietara begira gustukoen duten musika proposatzeko.

2024tik Pasaia Oinherri Herri Hezitzaileen Euskal Herriko sareko kidea da. Sare horrek ekarpena egin nahi du begirada horretatik, hezteko ardura partekatua herriarena eta komunitatearena dela jabetzeko. Nerabeek denbora asko pasatzen dute jaietako feria guneetan, eta eremu horietan euskararen presentzia areagotzeko eta balio hezitzaileetan oinarritutako abestiez gozatzeko aukera zabaltzeko, haien interesekoa den musika bildu eta haiekin batera playlistak landuko ditu udalak.
Honakoa esan du Laura Ré Parte hartze zinegotziak abiatu berri duten iniziatibaren inguruan: “Pasaiako Udal Gobernuan argi dugu: euskara ez da soilik eskoletan, administrazioan edo bulegoetan entzun behar. Jaietan, kalean eta ferietan ere gure hizkuntza bizi eta entzun dadila nahi dugu. Horregatik egin dugu apustua feria guneetan euskarazko musika zerrenda bat jartzeko, euskararen erabilera eremu ludiko eta gazteetara zabaltzeko. Euskararen normalizazioaren alde aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoa da esparru desberdinetan eragitea, eta bide horretan beste urrats bat da honakoa”.
Udalak abiatu berri duen iniziatiba 12 eta 16 urte arteko nerabeei begirakoa da, eta, aurrez aipatu bezala, jaietara begira gustukoa duten musika proposatzeko aukera izango dute. Proposamenak jasotzeko epea irekita dago jada, hilaren 30era arte. Proposamenak jaso ondoren, udalak horien txukunketa egingo du, hilaren 30etik ekainaren 5era bitartean. Proposamenak antolatuta, zerrendak osatuko dituzte nerabeekin. Zerrendak osatzeko bi hitzordu jarri ditu udalak: ekainaren 6an Antxoko Kulturgunean eta 13an Donibaneko gaztelekuan.
Parte hartzeko, beharrezkoa da 12 eta 16 urte bitarteko nerabea izatea; proposatzen diren hamar abestietatik zortzi gutxienez euskaraz izatea; eta inor bazterrean uzten ez duten letrak izatea. Udalak proposamenak jasotzeko esku orriak bidali ditu jada, eta udal webgunetik ere deskargatu daitezke. Esku orri hori beteta, ikastetxeetan edo udal zerbitzuetan (gaztelekuetan, Kuadrillategin eta kale hezitzaileen lokaletan) dauden postontzietan sartu beharko da. Proposamenak aztertu eta zerrendak osatzeko, saio irekietara bertaratzeko deia luzatu diete nerabeei.
Bukatzeko, honakoa adierazi du Rék: “Askotan esaten dugu haur eta nerabeen artean eragin behar dugula euskararen alde. Bada, hau da bidea: entzunak izatea, euren gustuak kontuan hartzea eta euskara espazio erakargarrietan kokatzea. Feria guneetan entzungo den musika zerrenda ez da helduek prestatutakoa, baizik eta ferietan izango diren haur eta nerabeek aukeratutakoa”.