Haurtzaroko jolastoki berria bisitatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua eta Miriam Oca Ingurumen Administrazioko zuzendaria izan dira gaur Haurtzaroko jolastokian.
Bisita gidatuaren amaieran, diputatu eta ordezkariak. Alaine Aranburu Pasa den martxoan inauguratu zuten Haurtzaro Ikastolako Gotti betti jolastokia, prozesu parte hartzaile baten bidez diseinatutakoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak 11.368 euroko ekarpena egin zion proiektuari, eta gaur goizean zenbait ordezkari izan dira jolastokia ikusten. Zehatzagoak izate aldera, bisita gidatuan Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua, Miriam Oca Ingurumen Administrazioko zuzendaria, Kristina Boan ikastolako zuzendaria, Joana Mendiburu Oiartzungo alkatea eta Ager Iñarra proiektuaren arkitektoa bildu dira.
Jasangarritasun Departamenduak hamaika mila euroko ekarpena egin dio proiektuari, baina jolastokiaren eraberritze lanek 430.683 euroko kostua izan dute; gehiena, hortaz, ikastolak berak finantzatu du.
Ikastola osatzen duten zenbait figurek hartu dute parte prozesuan, 2 urteko haurretatik hasi eta hamasei urteko haurrak arte, kasu. Prozesu osotik estalpea izan da diru gehien eraman duen egitura, baina egindakoarekin pozik agertu da Boan, jolastokiak bere itxura bat behar zuela sinistuta. Era berean, gehitu du Agenda 2030-ekin bat eginez pentsatutako prozesua izan dela.
Mendiburuk hartu du hitza gero, eta jolastokia ikastolak herriari ematen dion zerbitzuaren parte dela gehitu du, asteburuetan eta astean zehar 16:30etik aurrera irekita egoten baita espazioa.
Ikastolako zuzendariak, bestalde, nabarmendu du jolastokiaren eraberritzearekin batera jolastokian haurrek duten jolasteko modua ere aldatu egin dela, orain ez baitira haurrak leku bakar batean kontzentratzen. Ildo horretatik, espazioaren kudeaketa berriarekin “genero sailkapena gaindituta” dagoela gehitu du. Gainera, zenbait adinetako haurrak elkartzen dira atseden orduan, eta batzuk “zaintza” ardura hartzen dutela azpimarratu du Boanek.
Proiektuaren helburu nagusia ikastolako jolastokia jolas, ikaskuntza eta bizikidetza ingurune bihurtzea da, naturarekiko zuzeneko harremana, aukera berdintasuna eta ikasleen garapen integrala bultzatzen dituelarik. Horretarako, beraz, “espazio plural eta askotarikoa” diseinatu dute berdeguneekin, elementu naturalekin, berrerabilitako egiturekin, espazio estaliekin, eremu lasaiekin, ibilbide sentsorialekin eta jolas libre, kooperatibo eta inklusiboa errazten duten proposamenekin. Aipatutako elementu natural horien adibide argia dira zuhaitzak, espezie ezberdinetakoak baitira eta bakoitzak promozio bat irudikatzen baitu.
Asensio: “Oso garrantzitsua da horrelako ekimenak babestea; izan ere, hezkuntza eraldatzen dute naturarekiko errespetutik, bizikidetza eredu berriak sustatzen dituzte eta iraunkortasunaren kultura bultzatzen dute. Hori ikasgeletatik hasi eta hezkuntza komunitate osora zabaldu behar da”.
HITZA bisita gidatuan izan da, eta zenbait irudi hartu ditu.
