Hika Teatroaren 'Zorretan' antzezlana, igandean, Landetxen
Agurtzane Intxaurraga da zuzendari eta egilea, eta Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza eta Jabi Barandiaran dira interpreteak.
Oiartzungo Antzerkizale Elkarteak antolatuta, Hika Teatroa konpainiak Zorretan antzezlana egingo du Landetxen igandean, hilak 25. Agurtzane Intxaurraga da lanaren egile eta zuzendaria, eta, interpreteak, berriz, Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza eta Jabi Barandiaran dira.
Emakumea eta Gizona bikote dira aspalditik, eta, egun batean, Emakumea, aztoratuta iritsi da etxera. Amarekin telefonoz hitz egin du eta beraiekin bizitzera datorrela ulertu dio. Uste du hori dela bere egonezinaren arrazoia, eta, etxera iristean, Gizonari kontuak eskatzen hasiko zaio. Hau ere ez dago bere onenean, ordea.
Egun handietarako erabiltzen duen koadrodun gorbata berdea aurkitzen saiatzen ari da eta urduri dago. Are urduriago Emakumeak berea den pijama soinean duela jantzita ikustean. Joan egin behar du, baina ezerk ez dirudi lekuan. Etxea aldrebestuta izateaz gain, badirudi bizitza dela aldrebestu zaiena. Emakumea normaltasunera itzultzeko borrokan ari da, baina lur azpian hondoratzen ari dela sentitzen du eta eusteko moduan daukan esku bakarra amarena omen. Emakumeak ez du nahi, eta uko egiten dio hori horrela izateari. Nahiago lur azpian bizi azal lodiko sator bihurtuta amarekin baino.
Kontakizunean zehar egoera komikoak, absurdoak edo surrealistak txandatuz ibiliko dira, pertsonaien iraganaren, orainaren edo etorkizunaren artean biziko den narrazio hautsia eraikiz. Emakumeak bere mamuen aurka borrokatu beharko du, amarekin izandako harremana gogora ekarrita eta haurtzaroko beldurrak eta iraganeko minak agerian utzita. Bien bitartean, Amaren presentziak ukitu absurdo eta magikoa erantsiko dio amatasuna, zaintza eta maitasunari buruz hitz egiten duen tragikomedia absurdo honi.
19:00etan izango da antzezlana, eta sarrerak hemen eros daitezke.
