Euskarak behar dituelako, eta merezi dutelako
Euskaraldiaren egitarauaren barruan, omenaldia egin zieten atzo euskara ikasi dutenei eta ikasten ari direnei. Herriko eragileen aitortza jaso zuten.
Omenaldian izan zirenen talde argazkia.Lezoko Udala Euskarak hiztun berriak behar ditu hedatu nahi badu. Hiztun berri horiek euskaraz aritzeko esparruak behar dituzte. Lezon horri eusteko lan bizian ari dira eragile asko. Horregatik, euskara ikasi duten edo ikasten ari diren herritarrei omenaldia egin zieten atzo, herriko eragileek aitortza egin zieten ahalegina egiten ari direnei. Herriko Euskaraldiaren egitarauaren barruko unerik esanguratsuenetakoa izan zen atzo arratsaldean bizitakoa. Herri aitortza izan zen, ikasleek ahalegin horrekin jarrai dezaten, eta aldi berean, esfortzuak merezi duela berresteko betiere alde guztietako konpromisoari eutsiz, euskara bizi mantentzeko konpromisoari, alegia.
Mikel Arruti alkateak egin zuen lehen ongietorria. “Udalaz gain, herriko eragile guztiek eskaini nahi dizuegun omenalditxoa da. Euskaraldian bete-betean aritzen gara euskaraz baina garrantzitsuena 12. egunean ere euskara erabiltzen jarraitzea da. Hemen ez dago euskaldun zaharrik edo berririk, denok gara euskaldunak, eta denon artean Euskaraldia amaitzean ere Lezo euskalduna egingo dugu”, azaldu zuen.
Udal erakundeaz gain, herriko eragileek ere oles mezuak helarazi zizkieten ekitaldian izan ziren dozenaka euskara ikasleei. Horien artean Aiton Amonen Bordako ordezkariak: “Zuzendaritzan ez ezik, kideen artean ere euskaltegian euskaldundutako pertsonak daude, eta hori oso esanguratsua da. Horrek erakusten du euskara ez dela soilik hizkuntza bat, baizik eta topagune bat, elkarren artean harremanak ehuntzeko tresna eraginkorra. Bereziki helduagoak zaretenoi eskerrak eman nahi dizkizuet, ikasteko erakusten duzuen gogoa, prestutasuna eta eguneroko konpromisoa eredugarriak direlako”.
Herriko gazteek ere izan zuten zer esan. Adierazi zuten herri euskaldun batean bizi nahi dutela, baina horri eusteko oztopoak eta errealitate gordina dutela aurrean aitortu zuten. Edonola ere, mezu baikorra zabaldu zuten, itxaropentsua: “Zortekoak gara, ohartzen garelako egiteko lan handia daukagula, baina Lezo gaurtik euskaldundu nahi dugula. Eta zorteko garen horretan, gure zorterik handiena eta altxorrik handiena, zalantzarik gabe, zuek zarete: euskara ikasleak. Zuek gabe ezinezkoa da eta ezinezkoa izango da Lezo berriz ere euskaldun izatea. Gure zorterik handiena helduek ere euskalduntzearen aldeko apustu bat egitea da. Helduak zaretelako Lezo euskaldun baterako giltzarria”.
Herriko ikastetxeetako ordezkarien arabera, erreferente dira euskara ikasten ari direnak, hezkuntza ez delako hau eta gazteei dagokien alorra bakarrik. Hala esan zuten Errota eta Hezikuntza guraso elkarteetako kideek: “Kultura eta hizkuntza gehiago ezagutzeko ahalegina egin duzue eta horrek asko erakusten digu guri”.
Oroitzene AEK da herriko euskaltegia. Bertako irakasleek ikasleen ahalegina egunero ikusten dutela azaldu zuten, “jartzen duzuen gogoa eta aurrea egiteko ateratzen duzuen grina. Eskerrik asko, benetan”. Ikasle batek hartu zuen hitza ondoren, irakasleek egiten duen lana goraipatzeko”.
Bideoa eman zuten ondoren, eta ikasleei omenaldiari lotutako oroigarria eman zieten. Talde argazkia egin, eta Habanera doinuarekin bertsoa kantatu zuten, denek, ekitaldia bukatzeko:
Oroitzene dugu Lezon
euskararentzat atari
herritarron gotorleku,
eta euskaldunon kabi.
Bertan bazaudete asko
Lezo josten hariz hari
mingainak landuz, idatziz,
belarriak beti adi.
Esker hitzak besterik ez
egin duzuen lanari,
emandako indarrari
hizkuntzari ta_herriari.
Eman diezaiogun ba,
ospatuz eta kantari,
guztiok elkar mugituz,
bultzada bat euskarari!
Lezoko Euskaraldia. Egitaraua.
Hilak 21, asteazkena
- 18:15ean, Andreone Udal Liburutegian, Txantxangorria txantxate ipuin kontaketa Ixabel Agirresaroberen eskutik.
Hilak 23, ostirala
- 21:30ean, Ibaiondon, kantu afaria. Txartelak Tiñelun eta Txingurrin salgai.
Hilak 25, igandea
- 09:00etan, Gurutze Santuaren plazatik, mendi irteera 11 bide, 11 txoko, 11 euskal izen izenburupean. Ondoren, bazkari autogestionatua plazan, eta Imuntzo eta Belokirekin erromeria (17:00).
