Aurresku dantzari gazteen festa larunbatean Niessenen
Gipuzkoar erako Gazte Mailako VII. Aurresku Txapelketa jasoko du herriko antzokiak, A eta B sailetako dantzariena.
Iazko Gazte Mailako Aurresku Txapelketako partaideak Beste behin, gipuzkoar erako Gazte Mailako Aurresku Txapelketa Nagusiaren etxe izango da Errenteria-Orereta. Erein elkarteaj Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrarekin batera antolatutako sariketa larunbatean (hilaren 24an) jasoko du Niessen Kulturguneko antzokiak: 17:00etan hasiko dira dantzariak onena ematen. Orotara, 24 kidek parte hartuko dute bertan, hamabi A sailekoak (2015, 2016 eta 2017 urteetan jaiotakoak), eta beste hamabi B sailekoak (2012, 2013 eta 2014an jaioak). Bi dozena dantzari horietatik 14 Oarsoaldekoak dira, Lezokoak (bederatzi) eta Errenteria-Oreretakoak (bost).
39 urte daramate herrian txapelketa egiten. Hasieran Landare elkarteak antolatzen zuen dantzarien topaketa, baina azken urteetan Erein elkartea arduratu da antolaketa lanaz. Lehen 32 ekitaldietan mutilek soilik parte hartzen zuten; aurten, zazpigarrenez, neskak eta mutilak batuko dira garaipenaren bila.
Lehian ariko diren dantzariek Errenteriako Udal Txistu Taldearen doinuak jarraitu beharko dituzte. Behin dantzariek euren jarduna bukatu, eta epaimahaiko kideek euren erabakia hartzen duten bitartean, Herri Arte Eskolako gazteenek dantza ikuskizuna emango dute. Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko epaimahaikideak honakoak izango dira: Idoia Besada (Pasaia), Maria Ferreiro (Elgoibar) eta Xabier Mendizabal (Donostia).
Larunbatean herrian izango diren dantzariek aurrez hainbat kanporaketa jokatu dituzte herrialdeko hainbat herritan, sei zehazki. Horietan lortutako puntuen arabera, A eta B sailetarako zortzina dantzari sailkatu dira Niessengo finalera. D saileko dantzariek (2011 eta 2012 urteetan jaioek) Legazpin egin zuten euren txapelketa; Onditz Esnaola lizartzarra izan zen irabazle, Danel Castillo pasaitarra laugarren, eta Mairi Maya errenteriarra seigarren.
Beheko koadroan, larunbateko txapelketan izango diren dantzariak.
Gazte Mailako VII. Aurresku Txapelketa. Partaideak.
A Saila
- Maier Elizondo Muñoz (Errenteria-Orereta)
- Amaiur Iturbe Lopetegi (Lezo)
- Laia Illarreta Lopez (Legorreta)
- Hugo Haro Martin (Lezo)
- Lucia Haro Martin (Lezo)
- Irati Perez Lizarazu (Lezo)
- Amira Zabaleta Carnes (Lezo)
- Gorane Villa Martinez (Lezo)
- Aide Maya Castaño (Errenteria-Orereta)
- Elene Pikabea Revuelta (Errenteria-Orereta)
- Ane Perez Lizarazu (lezo)
- Sara Escudero Mujika (Legazpi)
B Saila
- Izadi Arbelaitz Oliveri (Errenteria-Orereta)
- June Osinalde Mendiola (Legazpi)
- Lur Lacasta Santesteban (Lezo)
- Xalbat Maya Castaño (Errenteria)
- Araitz Berasategi Armendariz (Legazpi)
- Ixone Lorenzo Bergara (Lezo)
- Nora Lafuente Arizti (Legazpi)
- Maddi Arrastoa Arotzena (Amasa-Villabona)
- Nere Sarasola Tejeria (Zizurkil)
- Nora Escudero Mujika (Legazpi)
- Amets Lizeaga Garcia (Lasarte-Oria)
- Nerea Etxeberria Etxabe (Amasa-Villabona)
