Pasaia Itsas Festibala, 2026ko maiatzaren 14tik 17ra
Pasaia Itsas Festibalaren data ezagutarazi dute gaur. Itsas kultur ondarea sustatzen duen jaialdiaren laugarren ekitaldia izango da datorren urtekoa.
2026ko Pasaia Itsas Festibalak (PIF) badu data: maiatzaren 14tik 17ra izango da Pasaiako badiaren bueltan ospatzen den jaialdiaren laugarren ekitaldia. Ohi bezala, itsas kulturaz, ondareaz, musikaz, gastronomiaz, artisautzaz edota dibulgazioaz gozatuko dute egun horietan Pasaiara bertaratzen direnek. Gaur laugarren edizioaren lehen zertzeladak aurkeztu dituzte San Pedroko lonjan Teo Alberro Pasaiako alkateak eta PIFen presidenteak, Xabier Agote PIFeko zuzendariak eta Albaolako presidenteak, Izaskun Goñi Pasaiako Portu Agintaritzako (PPA) zuzendariak, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko (GFA) Kultura zuzendari nagusiak eta Azahara Dominguez GFAko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.
PIF euskal kostaldean egiten den itsas ekitaldi garrantzitsu bat dela adierazi dute ordezkariek. PIFek nazioarteko irismena duela nabarmendu dute, eta bi urtetik behin itsas kultur ondareaz gozatzeko aukera dute Pasaiara bertaratzen direnek. Festibala itsasoari hertsiki lotuta dago, eta euskal itsastarrei omenaldia egiten zaie jaialdiak irauten duen denboran. PIFen kulturarekin eta iraganarekin topo egiteko aukera dagoela baietsi dute. Nazioarteko itsas kultura ezberdinak elkartzen dira Pasaian. Dozenaka ontzi tradizionalek egingo dute bisita, eta, ohi bezala, kultur programazio zabala eskainiko da lehorrean geratzen direnentzat. Laugarren PIFek aurrekoen bidetik joko du, eta erakunde publikoen eta kultur eragileen babesa izango du.
Laugarren ekitaldiko kartelaren egilea Roskow artista donostiarra da. Artistak Pasaiako badia irudikatu du ilustrazioan. Itsasontziek bizia hartu dute, eta PIF definitzen duen itsas eta jai giroan murgiltzera gonbidatzen ditu herritarrak.
Hona ordezkarien esanak:
Teo Alberro: “Sinesgaitza dirudien arren, urtebete pasa da azken Pasaia Itsas Festibalak gure herria hartu zuenetik. Dagoeneko hemen gara, hurrengora begira, ilusio handiz aurkezten laugarren edizioa. Lau egun horietan gure herriko kaleak nahiz badiako urak, nazioarteko doinuez, usainez, kolorez eta istorioz beteko dira berriro ere. Festibala ez da soilik jai bat, ez da postal polit bat. Pasaitarrontzat gure historiarekin konektatzeko une bat da, gure ondare materiala eta ez materiala ospatzeko aukera. Itsasoa gure bizitzaren erdigunea da. Mendeetan hala izan da, eta gaur egun, bistakoa denez, hala izaten jarraitzen du. Erdi-erdian dugun ur horrek gure herritarren mugikortasuna eta harremanak baldintzatzen baditu ere, gure barrutiak elkartzen ditu aldi berean. Horregatik, pozgarria da ikustea nola hainbeste erakunde eta administrazio publikok bat egiten duten PIFen alde. Egunotan, elkarlanak ez dira hutsalak, eta, horregatik, eskertu nahi dut bereziki zuen babesa eta inplikazioa. Festibal hau ezinezkoa litzateke zuen ekarpenik gabe. Badakigu lana ez dela hor bukatzen, orain hasten da benetako erronka. Datozen hilabeteetan gogor lan egitea dagokigu, guztion arteko elkarlanetik abiatuta, 2026ko edizioa aurrekoak bezain oparoa edo are oparoagoa izan dadin”.
Xabier Agote: “Askotan esan ohi dugu Pasaiak itsas historia ederra, bikaina eta izugarria sortu duela. Askotan esan ohi dugu Pasaiak mendeetan zehar ozeanoetan nabigatzeko teknologiarik garatuenak sortu izan dituela. Hori bada zerbait. Badira 26 urte Pasaiak itsas ondarea eta bere historia balioan jartzeko horren alde apustu egin zuela. Ordutik egitasmo asko bideratu dira, eta horri esker esan dezakegu Pasaiak lortu duela izatea Euskal Herriko itsas ondarearen eta historiaren erreferenterik nagusiena. Hori dela eta, konturatu ginen lan horren eta historia bikain horren ospakizuna egin behar zela, hori da PIF. Beste lekuetan itsas festibal bikainak ezagutu ditugun bezala, iruditu zitzaigun gure festibala sortu behar genuela. Bizitza eta iragana ospatu behar dira, ospakizunetan ere eman daitezkeelako etorkizunerako gakoak. Saiatuko gara laugarren edizioa aurrekoak baino bikainagoa izatea. Oso pozik gaude orain arte lortu ditugun emaitzekin, publikoa ikusita eta etorri diren itsasontziak kontuan hartuta. Lanean jarri gara ahalik eta edizio ederrena egiteko eta egiten ditugun ekintzak herriaren probetxurako izateko. Garapen sozioekonomikoa ardatz hartuta dugu festibal honetan, eta hori da baita ere lortu beharreko erronka”.
Izaskun Goñi: “Atsegin handiz hartzen dugu jaialdi hau eta eskerrak ematen dizkiogu Pasaiako Udalari eta Albaolari berriz ere gurekin kontatzeagatik PIFen edizio berri bat ospatzeko. Guretzat, portu gisa, harro egoteko modukoa da egitasmo horren parte izatea. Egun batzuetan badiako urak itsas kulturaren, bere arte tekniken eta lanbide ondarearen ospakizun bihurtzen ditu. Erabat identifikatuta sentitzen gara ekitaldiarekin, bereziki, balioetsi egiten duelako Pasaiako portuak historikoki nazioarteko itsas jardueran izan duen papera. Portu ingurune honek balio asko ditu, eta elkarrekin lagundu behar dugu haien proiekzioan. Zentzu horretan, portu komunitatea osatzen dugun erakundeen lankidetza azpimarratu nahi dut, eta eskerrak eman nahi dizkiet egitasmoa babesten duten erakundeei eta babesleei beren eskuzabaltasunagatik, eta Albaolari antolaketarako duen ekimen eta ahalegin handiagatik. Espero dugu jaialdia hazten jarraitzea eta itsas kulturaren jasangarritasunean eta Oarsoaldearen inguruko ekonomian eragin positiboa izatea, bere arrakasta gure ere izango baita”.
Maria Jose Telleria: “PIF gure itsas ondare bizia ospatzeko eta zabaltzeko aukera paregabea da. Itsas historiak eta tradizioek gure lurraldearen izaeran duten garrantzia azpimarratzen du, eta ekitaldi honek belaunaldi berriei ondare horren balioa ezagutzeko eta bizitzeko aukera eskaintzen die. Kultura departamentutik uste sendoa dugu ondarea zaindu, partekatu eta transmititu egin behar dela, eta horretarako ezin hobea da PIF bezalako espazioak sustatzea”.
Azahara Dominguez: “Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentutik jaialdi honek gure turismo eskaintzan duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, baita goi denboralditik kanpo eta tradizionalki turismo aldetik hain jendetsuak ez diren lekuetara bisitariak erakartzeko duen gaitasuna ere. Baina ez hori bakarrik: gure itsas nortasunari eta itsasoari lotutako iraganari balioa emanez egiten du. Eta, gainera, erakusleiho ezin hobea da munduari bizi garen ingurune natural pribilegiatua eta gure sentitzeko eta egiteko modua erakusteko. PIF ez da bakarrik Gipuzkoak mundura duen leiho bat, turismoa jasangarria, errespetuzkoa, kalitatezkoa eta gure ekonomia hobetzen lagun dezakeenaren isla ere bada”.
Javier Hurtado: “Turismo sailekook hasieratik babestu genuen PIF, Pasaian eta Euskadin duen eraginagatik. Lehenik eta behin, funtsezko egitasmoa delako gure lurraldeari nazioarteko proiekzioa emateko. Bigarrenik, izugarrizko bultzada emateko diolako Pasaia eta inguruko eskualdeei sozialki eta ekonomikoki, interes turistiko gisa garatzeko. Hirugarrenik, bat datorrelako gure turismo jasangarriko estrategiarekin, desestazionalizazioa eta deszentralizazioa sustatzen dituelako eta, bide batez, turismo fluxuak banatzen ditu lurralde osoan eta askotariko eskaintza egiten du”.
