Elizaldeko auzogune berria garatzeko proposamena aurkeztuko dute
150 pertsonak hartu dute parte aurreko bi hitzorduetan, eta saioetan bildutako ekarpenekin egin dute proposamen berria. Astelehenean aurkeztuko dute.
Elizaldeko auzogune berria Urmendi haur eskola, Tolarieta eta Mendibil arteko eremuan eraikiko dute datozen urteetan, eta udalaren arabera, “Oiartzungo erdialdea zabaldu egingo da eta erabilera publikorako espazio berriak, ekipamenduak, berdegune zabalak eta 200 etxebizitza eraikiko dira, gehienak babestuak”.
Udala sinistuta dago herriaren garapenean “nabarmen” eragingo duen eremua izango dela, eta, horrexegatik abiatu zuten partaidetza prozesua. Joana Mendiburu alkateak azaldu du sustatzaileak egindako hasierako proposamena oiartzuarrekin batera hobetu nahi izan dutela; “Gure herriaren beharretara egokitutako proposamena lortu nahi izan dugu”. Hortaz, egingo diren eraikin, plaza, berdegune eta kaleek nolakoak izan behar duten landu dute, eta 150 lagunek hartu dute parte saioetan. Bilera horietan jasotako ekarpenak bildu eta proposamen berria osatu dutenez, astelehenean –hilak 26– aurkeztuko dute emaitza Landetxen.
Asteleheneko saioan azalduko dute antolaketa orokorra zein izatea aurreikusten duten; hala nola, etxeen, plazen eta berdeguneen kokapena, trafikoaren eta oinezko bideen antolaketa, eta, baita ekipamenduen eta lokal komertzialen guneak ere.
Mendiburu pozik azaldu da orain arte egindako prozesuaren emaitzarekin. “Oso ariketa kolektibo polita egin dugu. Hasierako proposamena asko aberastu da saioetako ideia eta iritziekin, eta eskertuta nago parte hartu duten herritar guztiekin”.
Hitzordua euskaraz izango da, baina gaztelaniara zuzeneko itzulpena egongo dela jakinarazi dute. Azkenik, azpimarratu dute ez dela beharrezkoa aurreko bi saioetan parte hartu izana astelehenekora joateko. 18:00etan da hitzordua.
