'5000 baietz' bazkidetza kanpaina aurkeztuko du Harrera Elkarteak
Elkartearen jarduna zein den azaltzeaz gain, haren asistentzia behar izan duen preso ohi batek hitz egingo du ekainaren 10eko hitzorduan.
Harrera Elkartearen webguneko irudi bat. Harrera elkartea 2012. urtean sortuta, Euskal Herrian espetxea, erbestea edota deportazioa pairatu duten emakume zein gizonezkoen gizarteratzean laguntzeko sortutako taldea da Harrera Elkartea, eta “pertsona hauek gizarteratze prozesua errazagoa izan dezaten eta duintasunez bizitza berri bat eraiki dezaten, beharrezkoak diren bitartekoak eskaintzen ditu”.
Harrera elkartearen arabera, euskal presoen etxeratzea indartzen ari den garai honetan elkartearen lana ere indartzen ari da, eta euren jarduna zein den eta euskal presoen kaleratze bidea nolakoa den azaltzeko hitzaldi sorta bat antolatu dute. “Zorioneko egoera honek Harreraren erronka biderkatu du. Finean, inoiz baino espetxeratu, erbesteratu eta deportatu ohi gehiago ditugu, eta horrek, nola ez, Harrerari aurrez zuena baino lan gehiago ekarri dio. Garaiak aldatzen diren bezala, beharrak ere aldatzen dira. Orain gutxi arte, dispertsioak eragindako gastuei aurre egiteko laguntza eskatzen zen moduan, egun urteetan euren etxeetatik kanpo egon diren emakume zein gizonen beharrei erantzutea dagokigu”.
Preso bakoitzaren egoera eta beharrak ezberdinak izanik, “etxeratze bide bakoitza modu indibidualizatuan diseinatzea ezinbestekoa da”. Prozesu hori kasu batzuetan presoaren inguruaren bidez egiten da, baina beste kasu batzuetan Harrera elkarteak babes eta laguntza sare bat eraikitzen du. Laguntza hori, esaterako, eremu juridiko administratiboan dokumentazioa berritzea edota eguneratzea, lanpostuak bilatzea, etxebizitzaren arazoari irtenbidea ematea eta osasun arazoen aurrean profesionalen esku jartzea izan daiteke.
“Pertsona hauetako asko eta asko erretiratzeko aukerarik gabe iristen dira euren etxeetara, batzuk etxebizitza edo babes sarerik ere ez dute, eta beste zenbaitek osasun arazoak pairatzen dituzte”, gehitu dute. 2024. urtean 117 pertsona lagundu zituen Harrerak, eta asistentzia horrek, orotara, 338.000 euroko kostua izan zuen.
Harreraren esanetan, azken urteetan irteten ari den preso eta itzultzen ari den euskal euskal herritarren kopurua handitu denez, elkartearen beraren lana “biderkatzen” ari da. Ondorioz, ezinbestekotzat jotzen dute egoerari aurre egiteko bazkidetza kanpaina baten bidez elkartearen finantziazio muskulua handitzea. “Etxeratze bidea modu duinean egitea ezinbestekoa da, eta horretarako Harrerak gaitasuna izan behar du”.
Elkarteak 3.500 bazkide ditu gaur gaurkoz, eta 5.000 bazkidera heltzeko erronka abiatu duenez, maiatzaren eta ekainaren artean aurkezpenak egingo dituzte herri ezberdinetan. Hitzaldi horietan herritarrei gaur egungo espetxe irteera ibilbidea nolakoa den eta Harrerak nola lan egiten duen azalduko die. Elkarteko kide batek eta Harreraren asistentzia behar izan duen preso batek izango dute hitza.
Oiartzungo hitzordua ekainaren 10ean izango da, Arizmendienean, 18:30ean.
