Miren Taberna OKE Gipuzkoako lehenengo mailara igo da
Teep Tolosala taldearen aurka 2 - 2 amaitu bazuten ere, penaltietan 6 - 5 gailendu zen talde oiartzuarra. Finala larunbatean jokatuko dute.
Gipuzkoako bigarren mailako partida jokatu zuen asteburuan Miren Taberna OKE taldeak Tolosako Teep Tolosala taldearen aurka; playofetako final aurreko partida zen hura, eta Elorsoron jokatu zuten.
Partidaren lehen zatia “oso berdindua” izan zen, eta ez talde batek ez besteak ez zuen golik sartu. Bigarren zatian, alabaina, “gol aukera gehiago” izan ziren, eta Teep Tolosarra izan zen lehena gola sartzen. Miren Tabernak, haatik, markagailua berdindu zuen, eta partida amaitzeko minutu gutxi batzuk geratzen zirela talde oiartzuarrak gola sartu eta markagailuan aurretik jarri ziren. Hala ere, tolosarrek bigarren gol bat sartu eta penaltietara jo behar izan zuten.
Penaltietan Miren Taberna nagusitu zen 6 eta 5-eko emaitzarekin, eta jaurtiketen ondorioz Gipuzkoako lehenengo mailara igo da. Txapelketako finala, ordea, hilaren 31an –larunbata– izango da Tolosako Usabal kiroldegian Altza La Terraza Cd taldearen aurka.
