Bilboko mobilizaziora joateko deia luzatu du Oiartzungo Gure Eskuk
Ekainaren 5a izango da autobuseko txartelak erosteko azken eguna. Mobilizazio aurretik egingo dituzten zenbait jardueren berri ere eman dute.
Ekainaren 7an, Bilbon, herri libre bat aldarrikatzeko mobilizazio nazionala egingo dute, eta Oiartzungo Gure Eskuk hitzordura joateko deia luzatu die herritarrei. “Gure herriari dagokion aitortza, erabakitzeko ahalmen handiagoa lortzea eta etorkizuna elkarrekin eraikitzeko aukera ditugu jokoan. Gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugu, eta, aldi berean, gure herriak arnas har dezan burujabetza espazio berriak eskuratzea dagokigu”.
Mobilizazio horren bidez “gure burua gu geu garen gisa” aurkeztu nahi dute estatuen aurrean eta nazioarteko begietara. Hortaz, horrela diote antolatzaileek: “Zazpi lurraldez osaturiko herria gara, nortasun propioa duena, Europako hizkuntza zaharrenarekin bizi dena, erronka guztiei aurre egiteko bere burua gobernatu nahi duena, eta hori guztia, harrotasunez bizi duena”.
Ildo horretatik, autobusak antolatu dituzte Oiartzundik, eta horietarako txartelak eskuratzeko azken eguna ekainaren 5a –osteguna– izango da.
Bilbora Oiartzuarra naz ta harro noz elastikoak eramateko deia ere luzatu dute.
Hala ere, ekainaren 7ko hitzordua baino lehen herrian eta inguruan antolatutako zenbait ekintzen berri eman dute:
- Hilak 31, larunbata. Konferentzia subiranista Ficoban.
- Hilak 31, larunbata. Sagardo Egunaren baitan, herri argazkia. 17:45, Oiartzungo plazan.
- Hilak 31, larunbata. Elastiko eta autobus txartela eskuratzeko mahaia plaza. 12:00 – 14:00 eta 17:00 – 19:00.
Bilboko egitaraua
Santiago plaza
10:30. Harri Kamishibai ipuin kontalaria.
11:30. Porrotx, Marimotots eta Zapotxin.
12:30. Ondalan erraldoien kalejira.
12:45. Bertso saioa: Aissa Intxausti, Alaia Martin, Aner Peritz, Ekhiñe Zapiain, Irantzu Idoate eta Nerea Ibarzabal.
Plaza Barria
11:30. Euskal Ardi moztaileen elkartearen ikuskizuna.
11:30. Herri kirolak. Jasoka herri kirol taldea eta Harrizulatzaileen ikuskizuna.
13:00. Castellersak: Euskal Herriko Castellersak eta Colla Castellera Sagals D’osona.
Unamuno plaza
13:00. Erromeria txistularien laguntzaz.
Alde zaharrean zehar
Txistulariak, albokariak eta trikitilariak.
Zabalburu plaza
16:30. Walo BD danborjoleak.
Zamudioko ataria
11:00-14:00. Gizarte eragileen azoka eta taloak.
La Bolsatik
20:00. Bilbo Kantari
Bira kultura
20:00. Iratzar erromeria
