Nepaldala GKEaren lana ikusarazteko dokumentala, Oiartzunen
Dokumentalaren filmaketa eta muntaketa Asier Requejo irundarrak egin du. Proiekzioaren ondoren solasaldia egingo dute.
Datorren ostegunean, hilaren 5ean, Oiartzungo Landetxe Kultur Aretoan Miren Berozek, Aitziber Alzak eta Olatz Lasak osatzen duten GKEari buruzko dokumentala proiektatuko dute.
Orain artean, Berako Mendi Egunean, Irungo DokuIrun egitasmoaren baitan eta Hondarribiko Emakumeen Astearen baitan proiektatu da, eta orain, Oiartzunen lurreratuko da.
Asier Requejo irundarrak sortutako dokumentala da, Nepaldala GKEak bertan egiten duen lana erakusteko eta haur, gazte eta emakume nepaldarrek bizi duten egoera ezagutarazteko.
Berozek honako dokumentala “berezia” dela adierazi du. Egun, egoera oso ahulean bizi diren neskatxentzat hezkuntza, etxebizitza eta etorkizun duin bat eskaintzeko borrokan ari dira eta dokumentalak egoera hori guztia “oso ondo” islatzen duela ziurtatu du.
Proiekzioaren ondoren solasaldi labur bat egingo dute. Dokumentalaren egilea eta GKEako kideak bertan izango dira beren esperientziak partekatzen eta ikusleen galderak erantzuten.
Nepaldala dokumentalaren proiekzioa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Landetxe Kultur Aretoan.
